Tontorrera igo barik, Atxorrotx mendiko eguna ospatuko da

Imanol Beloki Unamuno 2020ko api. 29a, 10:53

Eskoriatzako Atxorrotx mendia.

Domeka honetan ospatuko da Atxorrotx mendiko eguna, eta, tontorrera igo ezin denez, jaia beste modu batera gauzatzea proposatu dute San Pedro eta Intxaurtxuetako jai batzordeko kideek.

Egunarekin bat egin nahi duen eskoriatzar orok honako hau egin beharko duela adierazi dute: "Herritarrak mendiko botak jantzi, motxila hartu eta Atxorrotx mendira igo beharrean, 12:25ean, leiho eta balkoietara mendiko arropak jantzita ateratzeko gonbidapena egin nahi diegu herritarrei. 12:30ean, berriz, kanpai hotsak entzungo direnez, horrekin batera, Ikusi mendizalea euskal abesti herrikoia kantatuko dugu. Amaitzeko, aldiz, leiho eta balkoietan poteoa egiteko proposamena egiten dugu".

Aurten ez da argazkian ikusten den moduko irudirik izango Atxorrotxeko egunean.

Ikurrinak eta marrazkiak

Horrekin batera, Atxorrotx mendiko eguna dela argi eta garbi adierazteko ikurrinak eta marrazkiak leiho eta balkoietan zintzilikatzeko dei ere egin dute antolatzaileek. Marrazkiei dagokienez, Karmelo Oñate ilustratzaile eta marrazkilari eskoriatzarrak Atxorrotx mendiko hiru marrazki eredu egin ditu haurrek koloreztatzeko. Eta hauek San Pedro Intxaurtxuetako Jaiak Facebook orrialdetik deskargatu eta inprimatu daitezke. Atxorrotx mendiko marrazkien ereduak inprimatu ezin dituenak, berriz, aukera izango du hauek jasotzeko Eroski, Coviran, Mapfre, Ogiberri eta Zarus gozoki dendan.

Karmelo Oñatek egindako Atxorrotxeko marrazkietako baten eredua tamaina txikian.

Sare sozialak bete nahian

Atxorrotx Eguna dela adierazteko, gainera, #AtxorrotxEguna2020 traola erabilita, Atxorrotx mendiko argazkiak Whatsapp, Facebook, Instagram… hainbat sare sozialetara igotzeko dei ere egin gura izan dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak