Nerea Gordexola: "Xehetasun txikiek handi egiten dituzte pertsonak"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko api. 24a, 18:46

Nerea Gordexola eskoriatzarra etxeko balkoian.

Eskoriatzarra medikuntzako bosgarren mailako ikaslea da Donostian, EHUn, eta pandemiak sortutako egoerari kolore argiagoa eman gura izan dio.

XXI. mendeko pandemia sortu duen birusaren egoera larri honi buelta eman behar zaiola adierazi gura izan du Gordexolak. Praktikotasunari garrantzia ematean dagoela gakoa eta positiboki pentsatu behar dela azpimarratu du, egin diren elkartasun ekintza guztiei balioa emanez.

Egoera kezkatzekoa da?

Badirudi hizketarako gai bakar bilakatu dela, egunerokotasuna ziurgabetasunak jota biziz. Telebistak eta irratiak piztuta, eta horiek entzunez, leiho eta balkoietatik agurtzen ditugun bizilagunen artean zer gertatuko ote den galdetuz aurkezten gara egunero. Ezjakintasunean bizitzeak, zer nolako inpaktua izan dezakeen deskubritzen ari gara poliki-poliki. Hala ere, bide onetik, gauzak ondo egiten ari garela uste dut, eta oraingoz tratamendu espezifikorik ez dagoen arren, txerto eta tratamendu farmakologikoen ikerketan dihardute, gaixotasuna prebenitzeko eta tratatzeko helburuaz.

Nola eragin dezake egoerak orokorrean?

Jakina da epidemia orok alterazio eta arrisku desberdinak dituela biologikoki, sozialki eta psikologikoki. Hainbat profesionalen hitzetan, COVID-19aren eta historian izan diren beste pandemia batzuen arteko desberdintasun nagusi bat osagai psikologiko eta sozialen pisua eta hauen influentzia azkarra da, gizakiarentzat egoera honetan kutsakorrena, birusaz gain, emozioak ere izanik. Gaur egun, eskura ditugun baliabideen bidez ahalmen hori esponentzialki biderkatu da, egunetik egunera etxean sartuta, bizi ditugun sentsazio horiek guztiak globalizatuz. Ikaragarria da munduaren beste puntan bizi den indibiduo hura orain bakoitza bizitzen ari den emozio antzekoak esperimentatzen ari dela pentsatzea, hori izanik guztiok berdin egiten gaituena. Zorionez, beldurra ez da gobernatu ahal gaituen emozio bakarra eta hori argi geratu da jendearen ahaleginetan. Alteratuta hasi baginen ere, elkartasuna da nagusi. Hunkigarria eta baloratzekoa da laguntasuna, xehetasun txikiek handi egiten baitituzte pertsonak. Burutu diren ekintza guztien artean aipatzea gure nagusi eta etxeko txikitxoen zaintza, material falta dela-eta etxeetan josten diren maskarak, 3D inprimagailuekin burutu diren aurpegi babesak, egun gutxitan sortu diren test azkarrak, eman diren snorkel maskarak, egunak alaitzen dizkiguten kontzertuak, herritarrek etxeetatik antolatutako jaiak, eta beste mila. Zuentzat ere txalo zaparrada, biba zuek!

"Zorionez, beldurra ez da gobernatu ahal gaituen emozio bakarra eta hori argi geratu da jendearen ahaleginetan".

Medikuntzako ikasle bezala, nola harrapatu zaitu egoerak?

Ezustean harrapatu gaitu, inork espero ez zuen bidaia batean murgilduz. Hala ere, azpimarratu beharra daukat ez garela umezurtz geratu. Gaur, etxetik beraiengandik ikastea tokatu zaigun arren, jo eta ke lanean diharduten eta gure eredu diren heroi horiekin batera gaude, pantaila batek bereizten bagaitu ere, harrotasun osoz merezitako indarrak bidaliz.

Egoera honek zein alde positibo ditu?

Kaleak mamuz mozorrotuta dauden arren, Lurrak arnasteko aprobetxatu du. Animaliek hiriak bisitatu dituzte eta urak osasun kolorea berreskuratu du, hainbat tokitan. Praktikoak izan behar dugu, eta, noski, positiboki pentsatu beti. Horregatik, gustatuko litzaidake histeria, izu, asperraldi, hasperen... eta halako hitzak ideia sortzaile, deskubritzeke ditugun liburu, pentsamendu edota amets baikorrekin ordezkatzea, limoi tanta horiei azukre pixka bat gehituz, segundoak, orduak eta egunak gozatzea. Gutxienez, etxean igarotzen dugun denbora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak