'Miñan' liburuaren gaineko solasaldia online, Amets Arzallus idazlea bidelagun

Imanol Beloki Unamuno 2020ko api. 24a, 09:01
Literatura Solasaldiak online.

Eskoriatzako Literatura Solasaldiak online ari dira egiten. Atzo, eguena, Amets Arzallus-en Miñan liburuaren gaineko solasaldia egin zuten, eta idazleak berak ere parte hartu zuen bertan; hala, liburu baten gaineko ohiko solasaldi batetik haratago joateko bidea eskainiz. Mikel Albisuren gidaritzapean, "pozik" agertu dira parte-hartzaileak saioak emandakoarekin, nahiz-eta adierazi duten aurrez-aurre, fisikoki egiten diren solasaldiak bezalakorik ez dagoen.

Astebeteko atzerapenarekin, baina, Literatura Solasaldiak egitasmoa aurrera eraman du Eskoriatzako bibliotekak online formatuan. Mikel Albisu koordinatzailearen gidaritzapean ari dira saioak egiten eta gaur bigarrena egin dute.

Egitarauari jarraituz, Aitaren etxea liburuaren gaineko solasaldia izan zen lehenbizikoa, online egin zuten, eta idazlea bera, Karmele Jaio, solasaldian egotea ahalbidetu zuen modu honetan egiteak. Guztira, 13 pertsonek hartu zutena parte.

Solasaldi aberatsa

Atzo, berriz, Amets Arzallusen Miñan liburuaren gaineko solasaldia egin zuten modu berean. Iñaki Agiriano Eskoriatzako bibliotekariak adierazi duenez, bikaina izan zen: "Bigarren saio telematikoa izan zen atzokoa. Solasaldiak Mikel Antzak gidatzen ditu eta gurekin izan genuen ere Amets Arzallus. Saioa primeran atera zen eta Amets bertan izatea lujo bat izan zen. Mikelek aurkezpena egin eta sarrera baten ostean, Ametsek hartu zuen hitza eta lehenengo eta behin, kontatu zign nola ezagutu zuen Ibrahima, Gero, liburua sortzeko prozesua zein izan den kontatu zigun. Hau ere, oso aberatsa. Honen ostean, partaide guztiek aukera izan genuen gure iritziak emateko eta hainbat galdera egiteko ere,  Ametsek erantzun dizkigunak. Esan beharra daukat, Ametsek inpresio, zirrara aparta eman didala. Oso ona da!".

Miñan liburuaren gaineko solasaldian parte hartu zutenak.

Hala, solasaldian egondakoen iritziak ere partekatu gura izan ditu Agirianok: "Halakoak bidali dizkidate: "Bizitzari buruzko irakaspen ederrez betetako arratsalde literarioa zuekin partekatzea plazer handia izan da; Ikaragarri polita izan eta oso gustura egon naiz zuei denoi entzuten; Hurrengo saioa baino lehen liburudendak irekitzen badituzte, kontatu nirekin; Agur digitalak ez ditut menperatzen oraindik eta bapatean jendea desagertuz joan da, zoragarria izan da gaurko saioa…".

Hurrengo irakurketa Iraultza Bertikala: Edo zergatik ibiltzen diren gizakiak zutik', Ngugi Wa Thiongo idazlearena, maiatzaren 28an egitekoa zen, eta oraingoz hala egingo dute. Beste kasuetan moduan, online formatuan, egoera ez bada aldatzen behintzat.

'Miñan' liburuaren sorkuntza

Ibrahima Balde Gineako Konakryn jaio zen 1994an. Kamioi gidari izateko aprendiz ibili zen hiru edo lau urtez. Egun batean amak deitu zion arte: anaia txikia falta zen etxean–. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea egin zuen. Irunen, bertako Harrera Sarearen bidez, Amets Arzallus ezagutu zuen. Ibrahimak bere bidaia kontatu zion, eta Ametsek idatziz jaso. Horrela sortu zen Miñan. –Miñan hitzak anaia txikia esan nahi du pularrez–.

Gaur egun, Madrilen mekanika ikasketak egiten ari da. Amets Arzallus, berriz, Hendaian jaio zen 1983an. Bertsolaria da, baina tarteka kazetaritza eta idazle lanetan ere ibiltzen da. 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen eta txapeldunorde izan zen 2009an. Irungo Harrera Sarean boluntario lanetan ari zela ezagutu zuen Ibrahima Balde. Honek ahoz kontatua idatzira ekarri du Miñan liburuan.

Dinamoa sormen gunea

Euskal kultura eta kultur sortzaileei ikusgarritasuna eta hedapena ematen dien plataforma da DAPA. Sarera bideratutako ikus-entzunezko saio-bilduma osatzen ari direna. Ikus-entzunezko edukien forma estandarretatik harago joan, eta sarerako produktu berritzaile bat sortu guran, zenbait produktu eskaini dituzte dagoeneko. Jalgi egitasmoak sustatuta, Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahairen Kooperatibak ekoitzitako saioa-bilduma.

Hori horrela, Amets Arzallus idazleak Miñan liburuko protagonista den Ibrahima Balderi Madrilera egindako bisita bat jasotzen du ikus-entzunezko formatuan. DAPA taldea Xabier Gantzarain, Aitor Bengoetxea, Yuri Agirre, Ander Mujika, eta Nora Alberdik osatzen dute.

Amets Arzallusek Ibrahima Balderengana Madrilera egindako bisita bat du oinarri ikus-entzunezko honek. Ibrahima Balderen egunerokoa azaldu eta, bide batez, liburuaren nondik norakoez, ahozko literaturaz eta migranteen aferaz hausnartzen da bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak