Eskoriatzako Aingeru gasolindegian, beste hainbat establezimendutan moduan, asko ari dira sufritzen alarma egoera, eta, bereziki, data hauetan. Izan ere, Aste Santuko eta Pazko asteko oporraldian lan karga igotzeaz batera, fakturazioan gorakada handia izaten dute, normalean, baina aurten ez da horrela izango.
Premiazko jardueran diharduten arren, bertako langileak kutsatzeko arriskuan daude une oro, eta, horrekin batera, bezero kopurua nabarmen jaitsi dela adierazi du Ana Unamuno Aingeru gasolindegiko langileak, eta aurtengo fakturazioan asko igarriko dutela gaineratu: "Gure ohiko ordutegia 06:00etan irekitzea eta 22:00etan ixtea da, baina 08:00etan zabaltzen eta 20:00etan ixten hasi gara, konfinamendu neurriek eragindako eskariaren beherakada izugarria izan delako eta ez delako inor etortzen. Egunean, 200 euro inguru ateratzen ditugu, asko jota, eta bezeroekin ez gauden bitartean garbiketa lanak egiteko aprobetxatzen dugu, denda eta bestelako aparailuak lixibarekin ondo desinfektatzen. Izan ere, garbiketa neurriak zorrotz hartu ditugu, eta hasieratik gasolina-hornigailuak bezeroak berak erabili behar du, gainera; lehen ez bezala. Hala ere, badakigu gasolindegiko zerbitzua eskaini beharra dagoela…".
Gasolinaren prezioa, baxu
Koronabirusak eragindako jarduera produktiborik ezagatik erregaien eskaria jaitsi egin da, eta horrekin batera, prezioa; erregaien faktura azken urteetako gutxieneko historikoetara kokatzeraino. Erregaiaren kasuan, gasolina joan den astean baino %2,81 merkeago dago, eta diesela %2,49, Europako Batasuneko petrolio-buletinaren arabera. "Prezioak aldatzen ari diren arren, astelehenean, Eskoriatzan, diesela 1,125 eurotan genuen, berunik gabeko 95ekoa 1,185 eurotan eta berunik gabeko 98koa 1,325 eurotan".
Irteera operazioan, galera
Oporraldira begira, irteera operaziorik ez denez egongo, gasolina gutxi salduko da, baina horrek eragin positiboa ere izango du airearen kutsadurari dagokionez.