Aitor Agiriano: "Honetan guztian onena sendagile eta erizain taldea da"

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko api. 4a, 13:01
Aitor Agiriano etxean irakurtzen.

Aitor Agiriano (Eskoriatza, 37 urte) etxetik irten barik dago. Lau egun egin zituen ingresatuta Debagoieneko Ospitalean eta laster amaituko du ondoren etxean egin beharreko hamabost eguneko konfinamendua.

 "Oso nekatuta sentitu nintzen eta sei egun egin nituen sukarrarekin. Mila bider deitu nuen Osakidetzako telefonora, baina alferrik. Azkenean, nire medikuari deitu nion. Plaka egin, eta pneumonia agertu zen. Neska-laguna erizaina da eta bioi egin ziguten COVID-19 proba. Biok gara positibo". Biak positibo izatera, bizitza "normala" daramate Agirianok eta haren bikotekideak. Esaterako, ez daude etxeko gela batean konfinatuta.

Laster amaituko du hamabost eguneko etxeko ospitalizazioa Agirianok. "Ez gara ezertarako irteten. Etxekoen laguntza dugu hondakinak jaisteko, erosketak egiteko... Egia esan jende askok eskaini digu laguntza. Jarraipen medikua dut, hor bai. Tarteka etortzen dira botikak ekartzera eta nola nagoen ikustera; izan ere, pneumonia hor dago. Luze egiten ari zait, baina, egia esan, gero eta lasterrago pasatzen dira egunak".

Ospitalean buruari buelta asko ematen zaizkiola dio. "Gelan zaude eta ez duzu ia inor ikusten, eta erizainak ere ahalik eta gutxien sartzen dira. Egun gutxi egin nituen nik ingresatuta, baina luze egin zitzaidan. Gero, ondo sentitzen zara, baina pneumonia duzula esaten dizute eta positibo zarela, eta ez dakizu gauzak zein bide hartuko duen. Hildakoak daudela dakizu, eta hedabideetan alarmismo handia dago... Zaila da. Honetan guztian onena sendagile eta erizain taldea da. Lan oso ona egiten ari dira. Oso eskertuta nago".

Animo mezuak bidaltzen dizkie Agirianok antzerako egoeran dauden guztiei. "Pasatzen da eta momentuan apurua hartu arren aurrera egin behar da. Familiarekin elkartzeko gogoa dut, eta lagunekin afari on bat eta parranda eder bat egin nahi ditut. Hau guztia bukatutakoan izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak