Oihana Arana (Idazlea): "Harremanei buruz da; nerabeentzat, bereziki"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko api. 4a, 10:40

Oihana Arana etxean idazten. Argazkia: Oihana Arana.

Bertsolari moduan eskarmentua duen Eskoriatzako gaztea liburua idazten estreinatu berri da. Iazko Urruzunotarrak gehituz lehiaketan irabazi zuen beste hainbat lehiakiderekin eta Fernando Morillo idazlearekin batera astebeteko egonaldia; eta handik jaio da Portuak eleberria.

Zeri buruzkoa da?

Nerabeentzat pentsatutako eleberria da, edonork irakurtzeko modukoa den arren. Nerabezaroaren gorabeherak eta bereziki nerabezaroan garatzen diren harremanak dira ardatz nagusia; izan ere, garai hori harremantzen ikasteko eta harremantzeko moduak aldatzen ikasteko garaia dela uste dut. Hortaz, protagonistak bere gorputzarekin, inguruko lagun eta senideekin, heriotzarekin eta bere buruarekin dauzkan harremanetan oinarritu naiz eleberria idazteko orduan. Horrez gain, portuak ere azaltzen dira une oro; hortik izenburua, Ilargi protagonistak oso harreman berezia baitu bere Aitona Matiasekin, eta harekin duen loturetako bat zera da: portuekiko duten obsesioa.

Zerk bultzatuta idatzi duzu?

Urruzunotarrak gehituz literatura ekimeneko sarituetako bat izan nintzen iaz, eta, astebetez, beste sarituekin eta Fernando Morillo idazlearekin batera egonaldi itzela egin genuen. Egun ederrak izan ziren, non literaturaren hainbat esparru ezberdin lantzeko aukera izan bainuen, inguru ederrean eta kide paregabeekin batera. Egonaldia amaitu berritan, Fernando Morilloren deia jaso nuen eta proposamena egin zidan; iazko irailaren hasieran izan zen deia, eta aurtengo otsailerako bukatuta neukan jada.

Zelan izan da idazte prozesua?

Gogorra bezain polita izan da. Hasieran, asko kostatu zitzaidan proiektuan sartzea eta zer egin nahi nuen erabakitzea, baina, erabaki ondoren, oso gustura egon naiz, eta asko ikasi dut. Donostian idatzi dut gehiena, han bizi naiz-eta orain, baina hainbat eta anitzak izan dira liburua idazteko baliatu ditudan tokiak: ohea, liburutegiko mahaia, autobusa, kaleko bankuak... Ez zait gustatzen beti leku berean lan egitea, eta idazteko erabilitako materiala ere ezberdina izan da lekuaren arabera: tarteka eskuz, tarteka ordenagailuz.

Zure kontua bakarrik izan da ala izan duzu gertuko laguntzailerik?

Ez da izan nire kontua, inondik inora ere, eta hori oso garbi gera dadin nahiko nuke. Lehenik eta behin, Urruzunotarrak gehituz literatura ekimenean saritu izan ziren gainontzeko lagunen babes osoa jaso dut, eta idatzi ahala beraiekin partekatu izan ditut kapituluak; oso garrantzitsua izan da niretzat beraien iritziak eta babesa une oro jasotzea. Inguruko zenbait lagun eta senitartekori ere helarazi nizkien testuak, baita pisukideei irakurri ere; eta, nola ez, Fernando Morillo idazleak ere asko lagundu dit, eta beste hainbat sortzaile ere beharrezkoak izan dira. Azala, adibidez, Malen Amenabar ilustratzaileak egin du. Istorioa nik idatzi dudan arren, liburu hau ez da nirea bakarrik, jende zoragarri asko dago atzean.

Argitaratzeko dago, baina egoerak bultzatuta atzeratu egingo da, ezta?

Bai, Gaumin argitaletxearekin aterako dugu, eta gure esperantza da ahalik eta azkarren ateratzea. Formatu fisikoan izan bitartean, itxaronaldia errazagoa eta dibertigarriagoa izateko asmoz, proiektua aberasten duten hainbat kontu lantzen ari gara; horien artean, adibidez, Instagram kontua egin diogu liburuko protagonista Ilargi Areitiori –@ilargi.areitio–, eta, aldi berean, book-trailerra ere egiten hasiak gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak