Carlos Garcia: "Jaso dudanagatik, ezin dut onartu gaizki irtetea"

Imanol Beloki Unamuno 2020ko api. 2a, 10:09

Hegoi semea, Ana Sedano emaztea eta Carlos Garcia bideo deia egiten.

Operazio bati aurre egiteko laguntza ekonomikoa eskatu du, eta 24 orduan behar zuen dirua batuta –60.000 euro–, azken txanpa faltan, borrokarako gertu dago.

Emozio handiko egunak izaten ari dira egunotan Carlos Garcia eskoriatzarrarendako. Edwingen sarkoma deritzon tumore bat aurkitu zioten peronean Carlos Garcia 27 urteko eskoriatzarrari 2019ko martxoaren 3an; eta, gainera, bi biriketara hedatu zitzaion. Ebakuntza guztiak amaituta, dagoeneko ez du tumorerik, baina kimioterapia tratamendua ez dela uste bezain eraginkorra izan adierazi diote medikuek. Hori horrela, etorkizunean tumorerik ez irteteko, ordaindu ezin zuen azken ebakuntza egin behar diote. Horretarako, 60.000 euroko laguntza ekonomikoa eskatu du sare sozialen bitartez, eta 24 orduan behar duena baina gehiago jaso du. Diru guztia bere ebakuntzarako –zelula amen aferesia eta autotransplantea– izango dela adierazi du, eta soberan geratu dena Edwingen sarkomaren ikerkuntzara bideratuko duela. Hala, laguntza eskaini dioten guztiei nahi lukeen besteko eskerra ezin eman, erronka berria du aurrean; bere esanetan, hutsik egin ezin duen borroka.

Azken ebakuntza faltan, bidea ez da erraza izan, baina, betiko moduan, indartsu eta ahal bezain positiboen eraman duzu, ezta?

Tratamendu luzea izan da, ebakuntza batzuk, kimioterapia prozesu eta klinikako zenbait ospitaleratze… baina, azkenean, sarkoma eta biriketako tumoreak suntsitzea eta erauztea lortu nuen. Guztira, 12 ospitaleratze, 235 kimioterapia ordu, erradioterapiazko 22 saio peronean, saihetsarteko bi biriketan operazioak, peronean 13 zentimetro kendu didate… ez da samurra izan. Hala ere, ahal izan dudan moduan eraman dut, beti aurpegi ona jartzen. Azken ebakuntzari dagokionez, apirilaren 7an aferesi bat egingo didate dena ondo badoa; hau da, modu batean esateko, odola aterako didate… Gero, apirilaren 19an ingresatu eta bi kimioterapia gogor jasoko ditut. Ostean, aurrez ateratako odola sartuko didate, garbia eta izoztuta mantenduko dutena… eta gero, lehen azterketara arte itxaron beharko dugu.

Carlos Garcia Nafarroako Unibertsitate Klinikan.

Frustrazio handia eragingo zizun bide luze hau egin, eta azken txanpako operazioa seguruak ez babesteak?

Prozesu guztia Nafarroako Unibertsitate Klinikan egin dut, baina beraiek duten seguruak ez zidan estaltzen azken operazioa. Hala ere, seguruarekin oso ondo aritu gara hasieratik, ez dugu kexarik, baina urduritasunez bizi izan ditugu azken une hauek. Izan ere, operazio guztia egiteko prest genuen guztia, baina, diru kantitate bat faltan, presa sartu digu administrazioak. Hala ere, lortu dugu behar genuen dirua eta gehiago, eta horren aurrean, 1.000 izen esan ahalko nizkizuke eskerrak emanez. Izenak idatziz egunkari oso bat beteko nuke, eta ez nuke bukatuko.

Dirua batzea, eta azkar, zen erronka. Lortuta, izugarria izan da jendearena, ezta?

80.000 eurotik gora pasa jaso dugu. Hala ere, gardentasun osoz jokatuko dugu, eta sare sozialen bitartez jakinaraziko dugu, transferentzia guztiak sartzen zaizkigunean. Navas, Jaen, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate… Batez ere, eskoriatzarrei eskertu nahiko nieke emandako laguntza, herritarrak izugarri inplikatu direlako. Ez dugu sekula ez nik eta ezta nire familiak hitzik izango eman diguten laguntza eskertzeko. Horrekin batera, Amaiur Lonbideri ere eskertu nahiko nioke, nire historia hedatzeko egin duen bideoagatik, nire koinata Mariani ideia zoro hau proposatzearren… Orain, dena ondo irtetea geratzen da, eta pasatzen denean izugarrizko festa antolatuko dut guztiak eskertzeko, eta denok gonbidatuta zaudete. Benetan, bihotzez, mila esker!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak