M8-ra begirako mozioa onartu du udalbatzak

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ots. 26a, 14:27

Udalbatzako kideak, otsaileko osoko bilkuran.

Mundua eraldatzen duen emakumeen boterea izenpean EAJk aurkeztutako mozioa onartu zuen, atzo, udalbatzak, EH Bilduren ezezko lau botorekin eta EAJ eta Elizateen baiezko sei botorekin. Galde-eskeen tartean, berriz, Zaldibarko gertakaria izan zen hizpide.

Inauteri-martitzenean egin zuten otsaileko osoko bilkura Eskoriatzako ordezkari politikoek, eta, zenbait prozedura administratibo eta tramite aho batez onartu ondoren, Martxoaren 8aren bueltako erakunde adierazpena izan zen azpimarratzeko gaietako bat.

Batetik, EH Bilduk Martxoaren 8ra begira erakunde-adierazpen proposamena jarri zuen mahai gainean. EAJk eta Eskoriatzako Elizateen Elkarteak ezezko botoa eman zioten erakunde-adierazpenari, proiektu guztiak ondo jorratu behar direla eta batzordeetan aztertu behar direla argudiatuz.

Horren ondoren, EAJk Mundua eraldatzen duen emakumeen boterea izenpean mozioa aurkeztu zuen. Adierazpenaren irakurketan, besteak beste, honako hau adierazi zuen Maite Uribe EAJko bozeramaileak: "Udalak konpromiso irmoa adierazten du berdintasunezko gizarte inklusiboa eraikitzen laguntzeko, pertsona guztien eskubideak eta parte-hartzea bermatuko dituena tokiko bizitzan". Honen aurrean, Eluska Irazu Bilduko bozeramaileak ez zutela mozioa onartzen adierazi zuen, honako hau adieraziz: "Konpromiso gehiago behar dira, herriak hori eskatzen du, eta aurkeztu duzuen mozioa motz geratzen dela uste dugu. Eudelek aurkeztutako bera da aurkeztu duzuena, baina mozketa batzuk egin dituzue…".

Zaldibarko zabortegia hizpide

Zaldibarko zabortegian lur azpian dauden pertsonen familiei elkartasuna adieraziz honako hau adierazi zuen EH Bilduko Ander Errartek: "Otsailaren 20an, dokumentu bat helarazi genizuen Zaldibarko gertakariaren harira, aire kalitatearen gainean kezka bat genuenez Eusko Jaurlaritzari zenbait galdera egiteko. Airearen kalitateari buruzko neurririk egin al da Aretxabaleta, Eskoriatza edo Arrasate aldean, Zaldibartik gertuen dagoen eremuan neurtzen ari diren parametro berberak neurtzeko? Neurketa horiek egin badira, zein izan da emaitza? Eta kasu negatiboa bada, egiteko asmorik badago?".

Honen aurrean, Josu Ezkurdia EAJko bozeramaileak erantzun zion: "Ezbehar honen aurrean EH Bilduk hartu duen jarrera lotsagarria iruditzen zaigu. Pentsatzen dugu erabilera politikoa egiten ari dela gai honekin. Gobernua informazio osoa ematen ari da, eta, beraz, ez dugu sinisten Bildu kezkatuta dagoela gai honekin. Hauteskundeak datozenez, erabilera politikoa eta elektorala egin nahi du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak