Bertsolaritza eta zientzia eskutik, Zaldibar antzokian

Josu Bilbao Atxutegi 2020ko ots. 16a, 15:39

Eskoriatzako Zientziaren Zikloaren baitan, ikuskizun interesgarria eta atsegina egin zuten zapatuan, lepo bete zen Zaldibar antzokian. Iker Badiola, Eider Bilbao eta Onintze Salazar zientzialarien hitzaldiak entzuteaz gain, Andoni Egañaren eta Uxue Alberdiren bertsoekin gozatu dute ikus-entzuleek.

Kike Amonarrizen gidaritzapean, bertsolaritza eta zientzia uztartzen dituen ikuskizun edo ekimen berritzailea eta oso interesgarria –Jakinduriak mundue erreko dau! ekimena– egin zuten atzo Eskoriatzan. Alde batetik, Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolariak izan ziren Zaldibar Antzokian, eta haiekin batera, Iker Badiola, Onintze Salazar eta Eider Bilbao zientzialariak.

Iker Badiola bergararrarena izan zen lehenengo txanda. Badiola biologoa da, eta gizakiak kirola edo esfortzu handiak egiten ditugunean sufritzen dituen gorabeheren eta txakaladien inguruan berba egin zuen. Izan ere, iazko Zegama-Aizkorri lasterketan, bere gorputzean pairatu zuen bergararrak sufrikario hori, sailkapeneko azken aurrekoa izan zen eta.

Ondoren, Plentziako Itsas Estazioan diharduen Eider Bilbao itsas-biologoaren txanda izan zen. Bilbao, gizakia itsasoari egiten ari zaion kaltearen gainean aritu zen, eta plastikoek eta mikroplastikoek sortzen dituzten ezbeharrak azaldu zituen, besteak beste.

Egaña eta Alberdi bertsolariek bi gaien inguruko hainbat bertso abestu zituzten, binaka eta baita bakarka ere, eta azkenik, Euskalmeteko Onintze Salazarren txanda izan zen. Salazarrek hainbat fenomeno meteorologikoren gainean berba egin zuen.

Ikuskizunean, gainera, ez ziren falta izan umorea, txantxak eta jolasak. Horrela ikus-entzuleek, zientziaren gaineko galdera bitxi batzuei erantzuteko aukera izan zuten, eta hiru onenak sarituak izan ziren Eskoriatzako Udalaren eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak