Zientzia argitan, egia ala gezurra egitasmoaren bigarren edizioa antolatu du Eskoriatzako Udalak. Ekimena otsailaren 12tik 18ra bitartean gauzatuko da, eta egun horietan, zenbait hitzaldi eta ikuskizun izango dira, arlo bakoitzeko profesionalek eskainita, hala, zientziaren dibulgazioa helburu izanda.
"Aurtengo programazioa askotarikoa eta osoa izango da: adituek zientziarekin zuzenean lotutako gaurkotasuneko gaiak jorratuko dituzten hitzaldiak eta zientziaren eta dibertsioaren arteko zubiak egiten dituzten bi ikuskizun", adierazi du Eskoriatzako Udaleko Kultura teknikari Arantxa Unzuetak.
Mikrobioen mundua
Ziklo hau irekiko duen hitzaldia otsailaren 12an, eguaztenean, egingo da, eta, Mikrobioak gure bizitzan: bakterioak, birusak, txertoak eta antibiotikoak izenburupean, mikrobioen munduaz hitz egingo du Ignacio Lopez-Goñi hizlariak. "Mikrobioak nonahi daudela, gehienak tipo onak direla eta gu geu mikroorganismoz gainezka gaudela ikusiko dugu. Baina batzuek, gutxi batzuek, arazoak eman diezazkigukete, eta gaixotasunak eragin. Horiei nola aurre egin diezaiekegun azalduko digu Biologian doktorea eta Nafarroako Unibertsitateko Mikrobiologia katedradun Ignacio Lopez-Goñik hizlariak".
Sexua ulertzeko argudioak
Mikrobioen gaineko hitzaldiaz gain, sexua izango du hizpide hurrengo saioan, otsailaren 14an, Laura Moran sexologoak. Zorroztasunetik, esperientzia klinikotik eta umoretik abiatuta, sexua ulertzeko eta bizitzeko hain kaltegarri diren mitoei, uste faltsuei eta aurreiritziei aurre egingo die hizlariak.
Zientzia eta bertsolaritza
Otsailaren 15ean, Jakinduriak mundue erreko dau! ikuskizuna izango da. Hiru hitzaldi laburren ostean, bertsolariek bertsoak sortuko dituzte gai horiek oinarri hartuta.
Otsailaren 16an, berriz, Jon Kepa Eurekak Zientzia edo magia? ikuskizuna eskainiko du; eta, amaitzeko, Bittor Rodriguez nutrizionistak elikadura osasungarria izango du hizpide, otsailaren 18an.
Zientzia zikloaren egitaraua
Otsailak 12, eguaztena
• 19:00 Mikrobioak gure bizitzan hitzaldia. Hizlaria: Ignacio Lopez-Goñi. Hizkuntza: Gaztelera. Zaldibar antzokian.
Otsailak 14, egubakoitza
• 19:00 Sexua, mitoak hausten hitzaldia. Hizlaria: Laura Moran. Hizkuntza: Gaztelera. Zaldibar antzokian.
Otsailak 15, zapatua
• 19:30 Jakinduriek mundue erreko dau! ikuskizuna. Bertsolariak: Uxue Alberdi eta Andoni Egaña. Zientzialariak: Iker Badiola, Eider Bilbao eta Onintze Salazar. Aurkezlea: Kike Amonarriz. Hizkuntza: Euskara. Zaldibar antzokian.
Otsailak 16, domeka
• 17:00 eta 18:30 Zientzia edo magia? ikuskizuna. Hizkuntza: Euskara. Sarrera: 2 euro. Zaldibar antzokian.
Otsailak 18, martitzena
• 19:00 Zer da elikadura osasungarriaren kontu hori? hitzaldia. Hizlaria: Bittor Rodriguez. Zaldibar antzokian.