Iruña-Veleiako geologo Oscar Escribanok akordioa lortu du fiskaltzarekin

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ots. 3a, 17:54

Oscar Escribano geologo eskoriatzarra Ibarraundin hitzaldia ematen, iaz.

Ondarearen kontrako delitua onartu du Oscar Escribano Txapel geologo eskoriatzarrak Iruña-Veleia auziaren epaiketan, eta akordioa egin fiskaltzarekin. Urtebeteko espetxe zigorra ezarri diote, baina ez da espetxera joango. Hala ere, 2.232 euroko isuna ordaindu beharko du, eta era berean, Eusko Jaurlaritzari 300 euro ordaindu beharko dizkio kaltetutako piezagatik, eta Arabako Foru Aldundiari beste 300, aztarnategian egindako inbertsio gastuengatik.

Gaur, otsailaren 3an hasi da Iruña-Veleia aztarnategiko aurkikuntzen gaineko epaiketa, Arabako Foru Aldundiak Eliseo Gilen, Oscar Escribanoren eta Ruben Cerdanen aurkako salaketa jarri eta 11 urteren ostean  izan da lehenengo saioa.

Escribanok aitortu du puntzoi bat erabili zuela 2005 eta 2006 urteen artean Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoan lurperatutako piezetako bat aldatzeko. Bertan, VELEIA hitza idatzi zuen, eta baita, bere ezizena den Txapel moduan sinatu, alderantziz idatzita; hau da, LEPAXT, baina "txantxa bat" besterik ez zela izan adierazi du. Hala ere, ez da berria Escribanok "broma" egin zuela aitortu izana. Juan Martin Elexpuruk 2017eko maiatzean bere blogean argitaratutako artikulu batean ematen du horren berri.

Escribano "pozik"

"Deklaratu dut, erantzun diet, eta orain isuna ordaintzea geratzen zait. Beraz, pozik nago, eta nire bizitzarekin jarraitzeko gogoz. Hala ere, orain, lekuko moduan egongo naiz…", adierazi du Oscar Escribanok.

Piezetako batean eragin izana aurretik ere esana zuela adierazi du. "500 pieza baziren, bakoitzarengatik, 600 euroko isuna zen, eta nik baten eragin nuela onartu dut, beraz 600 euroko isuna jasoko dut, besteak beste. Txantxa baterako erabili nuen pieza atera zen unean, momentuan esan nuen, eta baita, 2009an deklaratu nuenean ere. Hala, gaurkoan ere bera esan dut, ez da berria".

Iruña-Veleia kasua

Iruña-Veleiako aztarnategian, 2004an eta 2005ean, 400 bat grafito aurkitu zituzten latinezko eta euskarazko testuekin; hieroglifiko egiptoar batzuk eta greziar alfabetoz idatzitako zenbait hitz ere bai, baita marrazkiak ere. Hasieran, ontzat eman ziren, eta handik gutxira, zalantzak hasi.

Arabako Foru Aldundiak 2008ko azaroan Iruña-Veleian lanean ari zen talde arkeologikoa aztarnategitik bota zuen eta 2009ko martxoan, Eliseo Gil zuzendariaren, Oskar Escribano geologo eskoriatzarraren eta Ruben Cerdanen aurkako kereila aurkeztu zuen epaitegian, idazkunak faltsuak zirela leporatuta. Kasua irten zenetik hamarkada bat pasata, oraindik ez dago garbi aztarnategian egindako aurkikuntzak egiazkoak ala faltsuak diren.

Fiskaltzak eskatutakoa

Arabako Fiskaltzak hiru urteko espetxe zigorra eta 24 hilabeteko isuna eskatzen zituen Escribanorentzat, ondare historikoaren gaineko delitua egotzita; eta bi urte eta sei hilabeteko zigorra iruzurragatik. Bestalde, AFAk hiru urte eta bederatzi hilabete eskatzen zituen geologoarentzat, ondare historikoari kalte egitea leporatuta.

Gainera, hamabi hilabetez egunero sei euroko isuna ordaindu beharko du (2.232 euro). Era berean, Eusko Jaurlaritzari 300 euro ordaindu beharko dizkio kaltetutako piezagatik, eta Arabako Foru Aldundiari beste 300, aztarnategian egindako inbertsio gastuengatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak