Klima aldaketaren gaineko mozioa aho batez onartu dute

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urt. 28a, 17:42

Eskoriatzako urtarrileko ez ohiko osoko bilkuran batutakoak.

Udal Gobernuak bat egin zuen EH Bilduk aurkeztutako klimaren aldaketaren gaineko mozioarekin. Urtarrilak 30eko greba orokorraren gainekoan, bestalde, ez zuen bat egin Alderdi Jeltzaleak, eta Txoko Feministako adierazpen gunearen erabilera ere salatu zuen.

Astelehenean ez ohiko osoko bilkura izan zuten Eskoriatzako udalbatzako kideek, eta azpimarratzeko bi gai izan zituzten hizpide. Biak, EH Bilduk aurkeztutako mozioak: klima aldaketari buruzkoa, batetik, eta lan pentsio eta bizitza duinengatik greba orokorrarena, bestetik.

Aho batez onartutako mozioan, klima aldaketaren bueltan, larrialdi egoeran bizi garela eta ondorioak atzematen hasiak garela adierazi zuen EH Bilduko Nestor Aranak, besteak beste: "Eskoriatzan erronka handiak ditugu, erabakiak hartzera behartuko gaituztenak. Hurrengo urteetako plangintza garatzeko orduan gaiari helduko diogu, era estrategikoan ze erabaki eta ze bide hartzen dugun erabakitzeko…".

Honen aurrean, alderdi jeltzaleko Josu Ezkurdiak "proposamen baikorra" dela adierazi zuen, eta mozioarekin bat egitea erabaki zuten, eta halako larrialdi egoeretan ideologiak alde batera utzi behar direla argudiatu. Honekin batera, pasa den agintalditik lanean ari direla gaineratu zuen. "Udaltzaingoaren auto elektrikoa erosi genuen, argiteria publikoa LED sistemara aldatu, eskolan eta kiroldegian eguzki plakak konpondu…".

Grebaren mozioari ezetza

Hilaren 30eko greba orokorra ere izan zuten hizpide. Elizateen abstentzioarekin eta EAJren ezezko botoekin, ez zuen aurrera egin EH Bilduren mozioak. "Gure taldeak greba politikoa dela uste du, eta, gizartearen gehiengoa helburuekin bat etorri arren, tresnarekin, grebarekin ez datorrela bat pentsatzen dugu. Pausoz pauso hiritarren bizitza hobetzea uste dugu dela bidea, eta ez dena greba baten bitartez", adierazi zuen Ezkurdiak.

Salaketa adierazpen-guneari

"Eskoriatzako udaletxe ostean adierazpen-gunea jarri genuen indarkeria matxista kasuak salatzeko. Hala ere, panel horien funtzioa alde batera utzi dute zenbaitek, eta grebaren aldeko kartelak jartzeko erabili dira. Horren kontra gaude, gune horiek ez zirelako horretarako jarri. Beraz, gertaera ikertuko dugu, nortzuk izan diren jakiteko, eta gero ikusiko dugu zein neurri edo zer egin daitekeen…", adierazi zuen alderdi jeltzaleko Josu Ezkurdiak.

Txoko feministako adierazpen gunea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak