Berrerabilpenaren eta sormenaren alde

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urt. 20a, 11:11
Inauteriak Eskoriatzan.

Inauterietara begira zenbait ekimen jarri nahi ditu martxan Eskoriatzako Udalak. Batetik, azoka txikia; aurreko urteetako mozorroei erabilpena emateko; bestetik, mozorroak egiteko espazio bat utzi nahi die herritarrei, eta, azkenik, joskintza tailerra.

Aurtengo Inauteriak iristeko denbora dezente falta den arren, zenbait jardueraren berri eman gura izan du Eskoriatzako Udalak. Ideiak jasotzeko, mozorroak egiteko laguntza emateko eta jendeak Inauterietan parte hartzera animatzeko helburuarekin antolatu dituzte.

Azoka txikia

Mozorroen berrerabilpenaren aldeko apustua eginez, azoka txikia antolatu du Eskoriatzako Udalak. Aurreko urteetako mozorroak dituztenek, batez ere etxean egindakoak edo mozorrotzeko erabili daitezkeen arropak, zapiak, osagarriak edo bestelako tresnak dituztenek, honako leku hauetan eta ordutegietan utzi ahal izango dituzte beste batzuek erabili ditzaten: urtarrilaren 20tik 24ra, 09:00etatik 17:00etara, kultura etxean; edo Bibliotekan, 17:00etatik 20:00etara bitartean.

Antolatzaileek adierazi dutenez, eramandako gauzak dohaintzan izango dira; hau da, ez dute ezer jasoko trukean, eta jasotako materiala kultur etxean jarriko da salgai, prezio sinbolikoan, urtarrilaren 30ean eta 31n, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Batutako diruarekin, berriz, pinturak, pintzelak… erostea da asmoa, eta Inauterietako zapatuan (otsailaren 22an) areto bat egokituko da nahi duenak makillatzeko erabili dezan. Gainera, bi pertsona egongo dira makillatzen laguntzeko –10:00etatik 12:00etara bitartean–.

Mozorroak egiteko lokala

Inauterietarako mozorroa egin eta horretarako espaziorik ez duenarentzat, otsailaren 3tik 9ra bitarteko astean kultura etxean gela bat atonduko dute, jendea elkartzeko eta mozorroak egiteko.

Joskintza ikastaro-tailerra

Otsailaren 2an eta 9an, 10:00etatik 13:00etara, mozorroak egiteko joskintza tailerra izango da kultura etxean. Jostun batek laguntza eskainiko du patroiak egiteko… Prezioa zortzi euro da eta izen-ematea, aldiz, kultura etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak