Hiru txerrikumeak eta Txanogorritxu ipuinak ditu oinarri Kalean otso etxean uso antzezlanak; izan ere, pertsonaien artean daude hiru txerrikumeak, otsoa, Txanogorritxu, amona eta ehiztaria. Hiru txerrikumeak desagertzen dira lehenengo. Ondoren, amona Joxeparen hiru txitak sumatzen dituzte faltan, eta noski otsoa da susmagarri nagusia. Baina gauzak ez dira beti diruditena, eta azpi jokoan ikusiko dugu ehiztaria antzezlan osoan zehar.
Otsoa, berriz, on puska bat da. Denek nahi dute urrun, denek jotzen dute arriskutsu, eta ehiztariak alerta gorria jo du otso gaizto bat dabilelako inguruetan, baina nork eraman ditu txerrikumeak eta nork jan nahi ditu txitak? Ikuskizunak aurrera egiten duen heinean ulertzen dute ikusle txikienek ere ehiztaria dela istorio honetan ankerrena.
Ez ezetz da
Antzezlanaren mezuetako bat bada ezin dela aurreiritziekin epaitu beste mezuetako bat da ez ezetz dela beti. Ehiztariak Txanogorritxuren musuak nahi ditu, eta edozer egiten du bere helburua lortzeko. Saiatzen da amonaren etxera doan neskatoa beldurtzen, otsoa erruduntzat jotzen, eta Txanogorritxuk otsoa maite duela jakiterakoan hura harrapatzen.
Txanogorritxuk ez dio ehiztariari musurik eman nahi, baina otsoa askatuko duela agintzen dio eta neskatilak men egiten du. Zorionez garaiz heldu dira bi ikerlariak. Ehiztariaren maltzurkeria guztiak antzeman dituzte eta bere erruduntasuna frogatuta betirako botatzen dute inoiz ez ateratzeko putzura.
Argia da mezua. Ez Eskoriatzan ez inon ez dira onartzen ehiztaria moduko pertsonak.