Listeria detektatu dute Eskoriatzako Zubia enpresak ekoitzitako hainbat produktutan

Jone Olabarria 2020ko urt. 10a, 17:52

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak jakinarazi duenez, Eskoriatzako Zubia enpresaren lau foie eta ahate bloc-medailoi lotetan Listeria monocytogenes-a detektatu du enpresak. Kasu posibleak saihesteko, prebentzio neurriak jarri dituzte martxan Zubia S.L.-tik, baita Osasun Sailetik ere.

Eskoriatzako enpresak ekoitzitako lau ahate eta foie bloc-medailoi lotetan detektatu dute listeria. Enpresak berak jakitera eman duenez, autokontrol sisteman oinarritutako analisi mikrobiologikoetan antzeman dute Listeria monocytogenes-a. Kutsatuako produktuak abenduan ekoitzi ziren eta adierazi dutenez, "ekoizpen prozesuan gertutako kutsatze puntual" batek eragin du kasua. Listeria kutsadura "barne kontrolei esker" detektatu dutela argitu nahi izan dute Zubiatik eta momentuz infekzio kasu posiblerik ez dela eman azaldu dute.

Merkatutik kentzen

Zubia S.L.-k krisi protokoloa abiarazi du eta kutsatutako loteak merkatutik ateratzen ari dira. Prebentzioagatik enpresak egindako beste hainbat produktu ere merkatutik kenduko dituzte. Era berean, ekoizpen prozesuan kutsatutako guneak garbitu eta desinfektatu dituztela azaldu dute. Dena den, Osasun sailetik adierazi dutenez, merkaturatutako produktuak kendu arren, ezin da baztertu etxe partikularretan produkturen bat gera daitekeenik.

Hemen merkatutik kenduko diren produktu guztien zerrenda:

Aipatutako produkturen bat etxean izanez gero, "ez kontsumitzeko" eskatu dute Zubia S.L.-tik eta aurretik kontsumitu badira "adi egotea" gomendatu dute Eusko Jaurlaritzatik, bereziki kontsumoa azken 21 egunetan izan bada. Era berean, gogorarazi dute "inkubazio-aldia 70 egunekoa izan daitekeela". Kasu susmagarriren bat detektatuz gero, dagokion lurraldeko Zaintza Epidemiologikoko Unitatearekin harremanetan jarri behar dela jakinarazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak