Familian, buztingintzara gerturatzeko asmoz

Imanol Beloki Unamuno 2019ko abe. 5a, 09:59
Buztingintza plazan.

Buztinate elkarteko kideek tailerra prestatu dute Gabonetara begira. Hiru egunetan aukera izango da tailerrean parte hartu eta bertan egiten dutena ezagutzeko. Hala, abenduaren 26an, 28an eta urtarrilaren 3an izango da aukera horretarako, Zubiaten.

Buztinate buztingintza eta zeramikako elkarteko kideek Gabon egunetan egin buztingintza familian! izeneko egitasmoa antolatu dute, herritarrak buztingintzara gerturatzeko asmoz. Hori horrela, abenduaren 26an, 17:00etatik 18:00etara; abenduaren 28an, 11:00etatik 12:30era; eta urtarrilaren 3an, 17:00etatik 18:30era, tailerrak izango dira Zubiate labean.

"Familian egiteko tailerrak izango direnez, bi pertsonatik gorako taldeak izango dira, gutxienez. Hala, tailerretan parte hartzeko, bazkideek 30 euro ordaindu beharko dute eta bazkide ez direnek, bikoteko 35 euro. Orain antolatu berri ditugun ate-ireki edo tailer hauek berriak dira, baina ekainean, Aste Zapatistan, esaterako, Fernando Eskoriatza plazara irten ginen arratsalde batean, herritarrei zer egiten dugun erakusteko eta beraiei ere irakasteko. Hala, orduan izandako arrakasta ikusita, Zubiaten antolatu ditugu tailerrak Gabonetara begira, gure lan eremua ezagutu dezaten eta, nola ez, buztingintzaz gozatu dezaten", adierazi du Buztinate elkarteko Olatz Pagalday kideak.

Haurrentzako eta helduentzako

Ikasturte honetan ere haurrentzako eta helduentzako ikastaroak daude, eta horien gidaritzapean Alvaro Garcia irakaslea ari da. "Lan txukunak eta orotarikoak egiten ditugu bertan batzen garenok, eta dagoeneko bost urte pasa dira taldea sortu zenetik. Beraz, esan dezakegu Buztinate elkartea egonkortuta dagoela. Hala ere, gustatuko litzaiguke jende gehiago erakartzea, eta kalera ere gehiago irtetea gure lana erakustera".

Buztingintzaren onurak

Buztingintza ikastaroan parte hartzen duten ikasleek egiten dituzten lan ugari bitxiak, berritzaileak eta imajinazio handikoak direla ere adierazi du Pagaldayk: "Haurren lanak, batez ere, izugarriak izaten dira. Betiko hautsontzietatik haratago joaten dira beraien piezak, ikastaroetan hasi bezain pronto, eta sekulako imajinazioa ateratzen dute. Askotan, gainera, beraien ideiak ere hartzen ditugu helduen taldekook. Horrekin batera, buztingintza erlaxatzeko bide bat ere bada, eta bertan egindako pieza bat erregalu moduan egiten denean oso eskertua izaten da…".

Ikasturtean zehar eguaztenetan egiten dituzte Buztingintza eskolak Zubiaten, eta hauek dira ordutegiak: haurrak, 16:45etik 17:45ak arte eta helduak 18:00etatik 20:00ak arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak