Egubakoitzean hasi ziren motorrak berotzen plazan jarritako karpapean, hainbat kontzerturen bueltan. Herrikideek jardun zuten orduan, iluntze partea girotzen; besteak beste, Irati Etxebarrietak eta Julene Rosadok osatutako bikoteak eta Andoni Bengoak egin zuten kantuan gitarra doinuek lagunduta.
Zapatuan ere musikak ez zuen hutsik egin, baina jatekoa ere izan zuten. 130 bat lagun elkartu ziren paella jateko, eta bazkalostean kantuan jarduteko. Euria zarra-zarra izan arren, euskararen aitzakian giro ezin politagoa izan zuten karpapean.
Euskaraldiari ongietorria kultur etxe aurrean egitekoak baziren ere, eguraldi narrasaren erruz, karpapean egin behar izan zuten. Pizte kolektiboan norberak zeresan handia duela irudikatu gura izan zuten, eta horretarako, kandelak banatu zizkieten elkartutakoei. Iazko Euskaraldia gogoratu zuten, orduko bizipenak idatzi eta zintzilikatuta, eta 2020ari begira jarri ziren gero, desioak kartazal batean sartuta.
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, buruhandiek girotuko dituzte kale bazterrak, eta ondoren, txokolate beroa izango da gerturatutako guztiendako.