Pero Lope artistaren lana ikusgai dago Ibarraundin

Imanol Beloki Unamuno 2019ko aza. 15a, 10:34
'Azalpana, azal guztia' izeneko erakusketa ikusgai dago atzo ezkero Ibarraundi museoan

Askotariko diziplinak batzen dituen Azalpana, azal guztia erakusketa inauguratu zuten atzo Ibarraundi museoan. Sexualitatearen normalizazioa lortzea oinarri duen lan-bilduma azaroaren 26ra arte izango da ikusgai, museoak duen ordutegian.

Ibarraundi museoan erakusketa bat inauguratu zuten atzo. Azalpana, azal guztia izenpean, Debagoieneko Ezker Kultur Guneak eta FECek (Europako Hiritarren Aldeko Fundazioa) elkarlanean antolatu dute, Eskoriatzako Udalaren babesarekin. Bertan, Pero Lope diziplina askotariko artistaren bildumako zenbait lan batzen dira, eta azaroaren 26a arte izango da ikusgai, Ibarraundik duen ordutegian.

Ibilbide luzeko artista da Pero Lope. Zenbait lehiaketan parte hartutakoa, eta erakusketa jarritakoa. Beraren lana saritua eta publikoaren partetik txalotua izan da. Askotariko diziplina artistikoak ezagutu eta lantzen dituen arren, eskultura da bere bildumako piezetatik adierazkorrena dena. Izan ere, edertasuna adierazteko, konposizio garbi eta orekatuak bilatzen ditu, forma leunak erabiliz, betiere, sentsazioak eta emozioak transmititzeko helburuarekin.

Askotariko diziplinak

Ibarraundi museoan ikusi daitekeen erakusketaren gai nagusia genero identitatea eta berdintasuna da, artistaren ikuspuntutik jasota dagoena. Hala, gai hori ardatz hartuta, eskulturak, margoak, marrazkiak, argazkiak eta Elia Barcelo idazlearen testuak batzen ditu lanak.

Zeramikazko 22 pieza daude ikusgai Ibarraundi museoko aretoan, eta horietako bat egurrean zizelkatuta dago. Horrekin batera, mihisearen gaineko akrilikoez eta gouache margo teknikaz bi dimentsiotan irudikatutako hamar lanetako sorkuntza dago ikusgai. Baita analogikoan ateratako zuri-beltzeko bost argazki eta zazpi marrazki ere batzen ditu Azalpana, azal guztia bildumak.

Taburik gabe erakutsiz

Pero Lope artistaren erakusketako lan-bildumak identitatea eta genero berdintasuna ditu oinarri, eta bere lanetan sexualitatearen normalizazioa bilatu nahi du, tabuak alde batera utzita erakutsiz.

Ahaztu barik irudikapen ikonografiko primitiboak, aspaldiko ohitura kulturalak eta elkarte tribalak irudikatzen saiatu dela, sentsualitatea eta edertasun moduak adierazi guran. Emakumea bizi-zikloaren iturri moduan jarrita.

Azaroaren 26ra arte ikusgai

Erakusketa ikusi nahi duenak ordutegi honetan izango du aukera horretarako, azaroaren 26a bitartean: astelehenetik egubakoitzera 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean eta domeketan 12:00etatik 14:00ak arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak