Boliviako liskarretatik justu-justuan irtenda

Imanol Beloki Unamuno 2019ko aza. 8a, 08:00
Juan Miguel Pagalday eta Maria Isabel Ruiz de Egino, Bolivian, Tunupa sumendian.

Boliviako paisaia ederrez disfrutatu dute Juan Miguel Pagalday eta Maria Isabel Ruiz de Egino eskoriatzarrek. Hala ere, klima gogorrari eusteko lanak izan dituzte, eta, urriaren 20an izandako hauteskundeen harira, liskarretatik ozta-ozta libratu dira.

Eskarmentu handiko bidaiariak dira Juan Miguel Pagalday eta Maria Isabel Ruiz de Egino eskoriatzarrak, eta urrian, 24 egunez izan dira Bolivian, bidaia agentzia baten programa baten bitartez. Bertan, indigenekin egoteko aukera izan dute, janari bereziak probatzeko eta altuera handiko lekuetan ere izan dira. Horrez gain, Boliviako hauteskunde orokorren garaia izanda, larritasun momenturen bat edo beste bizi izan dute.

"16 pertsona joan gara bidaian Euskal Herritik, eta gidari lanetan bizkaitar bat izan dugu momentu oro. Hegazkinean Bilbotik Madrilera joan ginen, eta handik Bolivia hegoaldera, Santa Cruz de la Sierra hirira, hain zuzen ere. Handik, Sucrera, gero, Concepcion hirira, eta ondoren, Potosira, Andeetako aldean dagoen hirira. Ostean, Tupizara joan ginen; bertan, zazpi egunerako 4x4 autoak hartu genituen, Altiplanora joateko. Zibilizazio gutxi dagoen baso pista eta erreka sikuetan aritu ginen, altuera handian, 4.000 metrotik gorako lekuetan". Sumendi ugari ikusi dituztela gaineratu du Pagaldayk, eta, paisaia ederrekin gozatzeko aukera izan duten arren, esperientzia gogorra ere izan dela adierazi du.

Uyuniko gatzagan, munduko gatz-basamortu handiena

Altueraren eragina sumatuz

Alde batetik bestera 4x4 autoetan aritzen ziren arren, altuera handian egotea ez dela samurra izan adierazi du Pagaldayk: "Boliviako klima gogorrari eustea gogorra da, nahiz eta autoetan mugitzen ginen. Nire kasuan, batez ere lo egiteko orduan izaten nituen arazoak. Arnastea asko kostatzen zitzaidan horizontalean jartzen nintzenean. Dena den, merezi izan du, bertako kultura eta paisaia ederraz disfrutatu dugulako eta asko ikasi dugulako".

Boliviako tontor gorena, Sajama mendi tontorra, 6.542 metrora.

Liskarretatik kanpo, ozta-ozta

Bidaia aberasgarria izan den arren, altuera dela-eta ondo arnasteko lanak izan dituzte, eta urriaren 20an izan ziren Boliviako hauteskundeen bueltan istiluetatik justu-justuan libratu zirela adierazi du Pagaldayk: "Boliviako hauteskunde orokorren garaia zen, eta, parean tokatu zitzaigunez, guri ere eragin digute. Izan ere, Potosi herritik abisatuta geunden greba deituta zegoela Evo Moralesen kontrakoek, oposiziokoek, deituta, Carlos Mesaren aldekoek. Beraien asmoa herria blokeatzea zen. Hilaren 10erako zuten deia eginda, eta gu urriaren 9an irten ginen handik. Izan ere, blokeoak iraun bitartean ez dizute uzten bertara sartzen, eta ezta bertatik irteten ere, eta izan ziren istiluak gogorrak izan ziren. Hala, egun bat lehenago, goizean goiz, 06:00 aldera irten beharra izan genuen ziztu bizian. Irten izan ez bagina, harrapatuta geratuko ginen. Zortzi eta hamar egun bitartean iraun zuen blokeo horrek, eta ez zitzaigun komeni bertan geratzea, bidaia ez zapuzteko".

Istilurik ez, baina istorio ugari

Istilurik ez ikusi arren, zenbait zurrumurru entzuteko aukera izan zuten eskoriatzarrek, eta boliviarrekin hitz eginda jakiten zutela Bolivian gertatzen zena: "Guk ez genuen istilurik ikusi, baina bertako jendearekin hitz egitean, Evo Moralesek hauteskunde kanpaina egin zuela, eta oposizioak hori jakitean, bera zegoen lekura joan eta istilu gogorrak izan zirela esan ziguten. Ez dakigu hala izango zen, baina, esaten zutenez, motor batean eraman zuten istiluetatik ihes eginaz, eta ostean, helikoptero batean atera zutela entzun genuen".

Paisaia eta kultura ederra

La Paz hiria, Siloli basamortua… asko gustatu zaizkio Pagaldayri. Jatekoaz ere ez du arazorik izan, eta aintziren koloreekin harrituta geratu dela nabarmendu du. "Titikakan egon ginen. Koloretako aintzirak ere ikusi ditugu; Laguna Kolorada delakoak kolore gorrixka zuen, eta berde-berdeak zirenak ere ikusi ditugu. Janariarekin ere ez dugu arazorik izan, eta sekula ikusi barik genituen animaliak ere ezagutu ditugu: llamak, bikuinak eta flamenko pila bat ere bazeuden. Indigenekin ere ondo konpondu gara, baina emakumeei argazkiak ateratzea ez dute gustuko. Uste zuten argazki horiek saltzeko ateratzen genituela, eta ez zuten begi onez ikusten".

Juan Miguel Pagalday eta Maria Isabel Ruiz de Egino indigenekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak