Trenbidea, arte areto bihurtuta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko urr. 19a, 09:33

Kultur ACT elkartearen ekimenez, nazioarteko puntako artistek Vasco-Navarro trenaren ibilbideko hainbat zatitan askotariko margolanak egingo dituzte azaroaren 21era bitartean; Bergaran, Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan ere izango dira.

Nomadak El Trenico, Bizikleta & artea sorkuntza artistikoko eta kultura kudeaketako proiektua da. Kultur ACT elkarteak garatu du eta arte garaikidea, bide berdea eta bizikleta batzen ditu. "Egoitza artistiko nomada da, ekintza artistikoa erdigunean jarriko duena. Errealitatea eraldatzea du azken helburu; kulturak norbanakoaren eta taldearen garapenari laguntzen dion printzipioan oinarritzen gara.

Hainbat eremutako proposamen artistiko eta kolektiboen arteko lankidetzan eta hibridazioan oinarritzen da ekimena. Artista eta eragile ezberdinekin elkarlanean ari gara", azaldu du Kultur ACT elkarteko Iñaki Landak.

"Trenaren kontakizun berria"

Proiektuaren jarduera guztiak espazio publiko eta irekietan garatuko dira: kalean eta garai bateko Vasco-Navarro trenak hartu zuen ibilbidean gaur egun dagoen bidegorri-sarean. Askotariko arte-ekintzak egingo dituzte: instalazio artistikoak, grafitiak, muralak...

Sorkuntza artistiko eta kultur kudeaketaren bitartez, iraganaren eta etorkizunaren arteko lokarria izan nahi duen proiektua dela dio Landak: "Memoria berreskuratzeko xedea dauka proiektuak, El trenico-ren historia orainaldiarekin elkartzekoa bide berdearen bidez; horretarako, historia eta gaurkotasuna lotuko dira, hainbat eremutako proposamen arteko lankidetzaren bidez. Storytelling ariketa egingo dugu, hau da, irudien bidez gure trena zenaren kontakizun garaikidea".

EGOITZA ARTISTIKO NOMADAREKIN, ARTE GARAIKIDEA ETA BIDE BERDEA BATU DITU KULTUR ACT-EK

'Nomadak', 'Hara!' eta 'Aztarnak

Hiru jardueraren bitartez gauzatuko dute programa; Nomadak da bat: "Herri batetik bestera bizikletekin bide berdeetan bidaiatzeko egunei jarri diegu izen hori. Batez beste, 40 kilometroko etapak dira, eta parte hartzaileek egun osoa dute helmugara iristeko. Hizkuntza eta lurraldea ezagutzen duen begirale bat izango dute lagun".

Hara-ren asmoa ikuslea harritzea dela dio: "Arte esperimentala, kaleko ekintza, performance sorta bat... halakoak izan daitezke. Halako lanak ez dugu aurrez aurreikusita non eta zer egingo dugun, unean-unean sortzen dira".

Hirugarren jarduera mota Aztarnak da, eta denboran iraungo duten lanei deitzen diete horrela. "Paretetan margotutako artelanak dira horiek, muralak edo bestelako teknikekin osatutako sormen-lanak. Debagoienean lau herritan egingo ditugu; batzuk artista bakarrak egindakoak izango dira, eta taldean sortutakoak beste hainbat".

Nazioarteko artistak

Zazpi dira parte hartzen ari diren artistak, askotariko jatorri eta profiletakoak. "Euskal Herrian zehar, burdinbideak, historia eta etorkizuna oinarri dituen egoitza artistiko ibiltaria proposatzen zuen deialdia egin genuen eta mundu osotik jaso genituen eskariak. Epaimahaiak zazpi horiek aukeratu zituen gero, proiektuaren izaeratik gertuen zeudelako. Erabiltzen dituzten teknikari dagokionez, denetarikoak daude: bereziki, aerosolarekin margotzen duten grafitilariak, brotxa erabiltzen duten muralistak ere bai; eta baita bestelako teknikekin lan egiten dutenak ere; esaterako, Pasteups teknika, hau da, material birziklatuekin artelanak sortzen dituzte eta toki ezberdinetan itsasten dituzte gero".

NAZIOARTEKO ZAZPI ARTISTAREN ESKUTIK, MARGOLAN UGARI IZANGO DIRA BIDEGORRIAN

Tantaka heldu dira Euskal Herrira artistak, eta eguaztenean elkartu ziren guztiak Azpeitian. "Apenas ezagutzen dugu elkar, baina egun asko ditugu aurretik", dio Veronika Seron Bronik artistak. Orain dela zortzi urte Bartzelonan bizi den grafitilari perutarrari asko gustatu zitzaion Kultur ACT elkartearen proposamena: "Halako ekimenetan parte hartu izan dut aurrez, baina honako hau berezia da, duen gaiagatik eta, normalean, hirietan egiten dituztelako. Atzo hasi nintzen margotzen, Azpeitiko zezen-plazatik gertu dagoen kale batean. Ez daukat guztiz definituta, baina nire asmoa da bizikleta gainean dauden eta gauza garrantzitsuak daramaten hainbat pertsona margotzea".

Azpeititik Iruñera

Azpeitian abiatu zuten, atzo, egubakoitza, ekimena, Burdinbidearen Euskal Museoan, eta azaroaren 21ean bukatuko dute, Iruñeko 948 Merkatuan; bitartean, honako herri hauetatik pasatuko dira: Bergaratik, Arrasatetik, Aretxabaletatik, Eskoriatzatik, Landa urtegitik, Legutiotik, Gasteiztik, Trokoniztik, Maeztutik, Kanpezutik eta Lizarratik. "Azpeitiko Trenaren Museoa bisitatu, herrian buelta bat eman, eta herriko hainbat eragilerekin egotea da gaurko gure plana. Gaur, zapatua, lana egingo dugu eta domeka osoa izango dute ondoren, bizikletan ibili eta gura dutena egiteko; hori bai, gauerako Bergaran egon behar dute".

Debagoienean egunotan Talde osoa bihar iritsiko da Bergarara, eta astelehenean, herria eta herritarrak ezagutu eta lanerako ideiak lantzeko eguna izango dute. "Udaletxean izango gara eta beste eragile batzuekin ere elkartuko gara, arlo ofiziala eta herrikoia uztar - tuko ditugu. Martitzenean hasiko gara Bergaran margotzen; ertzain etxearen ondoan dagoen bidegorri zatian zerbait kolektiboa egingo dugu".

Eskoriatzan aurreko asteburuan hasi zen Jens Besser alemana kanposantu azpiko bidegorri ondoan margotzen. "Paretaren erdia egin du eta beste erdia Tomas Facio argentinarrak egingo du, eta beste aldean lan kolektiboa egingo dugu; apur bat aurrerago dagoen beste hor - ma batean, berriz, Esteban Loeschborek beste lan bat.

Arrasaten eta Aretxabaletan ere hainbat aztarna utziko dituzte: "Bergaratik Arrasatera joango gara, eta han Belen Ro - beda argentinarrak Musakola auzoko horma bat margotuko du; eta Aretxabaletan, ez dugu guztiz zehaztuta, baina lan kolektibo bat egiteko asmoa dugu".

Urriaren 26an Nomada Eguna

Debagoieneko hainbat herritan egingo dituzten margolanez gain, urriaren 26rako, domeka, bizikleta martxa antolatu dute. "Bergarako San Martin plazan elkartuko gara, 10:00etan, eta handik Eskoriatzaraino bizikletan joatea da asmoa. Ekimeneko artistak izango dira gurekin, eta egindako adierazpen artistikoetan geratuko gara euren ahotik entzuteko sortutako lanen azalpenak. Poliki joango gara; hortaz, heldu zein haur, animatu etortzera!".

Ekimenean parte hartu duten artistak

  • Jens Besser (Alemania): 2009tik, Ameriketako, Europako eta Asiako horma asko margotu ditu bizikleta gainean bidaiatzen duen muralistak.
  • Veronica Seron, Bronik: Kolorez betetako lanak egiten ditu, naturarekin harmonian, bereziki espraia eta akrilikoa erabiltzen dituen Limako grafitilariak.
  • Yone Estivariz (Gasteiz): Argazkilaritzan jarduten du, bereziki, Estivarizek. Askotariko erakusketak egin izan ditu, bakarka zein taldean.
  • Belen Robeda (Argentina): Arte plastiko irakaslea da, pinturan eta eszenografian aditua da, bereziki, baina askotariko diziplinetan jarduten du.
  • Elisa Battiston, Secle (Italia): Bartzelonan bizi da orain dela zazpi urte. Gizarte hezkuntzan ikasketak ditu eta pasteups teknikarekin kaleak margotzea du maite.
  • Esteban Loeschbor Pesk (Argentina): Hamabost urte daramatza kaleak kolorez betetzen. Artista nomada izatearen ametsa betetzen ari da azken hiru urteetan Europan.
  • Tomas Facio (Argentina): 2014an hasi zen muralak margotzen, eta Argentinan, Txilen, Euskal Herrian eta Zaragozan egin izan ditu. Estilo askotako lanak ditu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak