Ezkurtxorekin jolastera Mendiola auzora

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urr. 17a, 16:28
Ezkurtxo, iaz, Mazmelan.

Arizmendi Ikastolako Jose Arana gunekoek antolatuta, Ezkurtxo Eguna ospatuko da zapatuan Mendiola auzoan. Udazkenari ongietorria egiteko jaiari begira, egitarau zabala antolatu dute, eta autobusa ere izango da bertara joan eta handik bueltatzeko.

Udazkenean sartuta, bailarako basoetako paisaiek kolore bereziak hartu dituzte. Poliki-poliki zuhaitzetako hostoak gorriz janzten eta erortzeko prestatzen hasi dira, eta arboletatik jauzitako ezkurrak ere ikusi daitezke bide bazterretan. Hori horrela, urriko hirugarren asteburuan egitea ohitura duten moduan, Ezkurtxo Eguna antolatu dute zapatu honetarako Arizmendi Ikastolako Jose Arana guneko kideek. Aurtengoa 22. edizioa izango da, eta, urtez urte elizate ezberdin batera joateko ohitura izanik, aurten, Mendiolan egingo dute, udazkenari ongietorria egiteko.

Elizateak ezagutzeko jaia

Eskoriatzako zazpi elizateak ezagutzeko – Apotzaga, Bolibar, Gellao, Marin, Mazmela, Mendiola eta Zarimutz– ekimena izateaz batera, euskara eta irakurzaletasuna sustatzeko, familia eta lagun artean egun ona pasatzeko eta antzinako jolasak ezagutzeko helburuarekin antolatutako jaia da Ezkurtxo Eguna. Edizioren batean, Leintz Gatzagan ere egin izan dutena, bertako guraso eta haurrak ere animatu izan dira parte hartzera. Bereziki, 2 eta 10 urte bitarteko neska-mutiko eta familiei zuzendutakoa da, eta aurten, Mendiola bertatik bertara ezagutzeko aprobetxatuko dute bertara gerturatzen direnek. 22. edizioa izanda, zenbait bider pasa dira Eskoriatzako zazpi elizateetatik; hirugarren txandan sartuta daude; 2016an, Apotzagan izan ziren; 2017an, Bolibarren; eta iaz, berriz, Mazmelan. Hala, zazpi elizateak ezagutzeko bideari jarraituz, Mendiolan batuko dira zapatuan.

Auzoan zehar ibilalditxoa egiteaz gainera, ipuin baten kontaketa, tailerrak eta jolasak izango dira, eta txokolate goxoa dastatzeko aukera, besteak beste. "Mendiolako San Juan Bataiatzailearen elizaren inguruan egingo dituzte ekintzak. Taldeak egin ondoren, ibilbide zirkular bat egingo dute, bertako txokoak ezagutzeko asmoz eta, bide batez, ibilbidean zehar antzinako jolasak izango dituzte. Gainera, astean zehar Jose Arana guneko haurrak txapak eta banderatxoak egiten izan dira, eta Ezkurtxoren abestia ere ikasteko tartea hartu dute", adierazi dute Arizmendi Ikastolakoek.

Kantuak, hutsik egin barik

Eguna girotzeko, Ezkurtxoren abestia kantatuko dute zapatuan, Mendiolara doazen zenbait haurrek, eta beste batzuek egunean bertan ikasteko aprobetxatuko dute. Honako hau da abestiaren letra:

Ezkur bat, ezkur bi; Udazkena etorri; Ezkur bat, ezkur bi; Saltoka zu ta ni; Aurtengo neguan; Edurra ugari; Ezkur bat, ezkur bi; Zuhaitzetik erori.

Autobusa, igo eta jaisteko

Mendiolara autoz, bizikletaz edo oinez igotzeko aukera dagoen arren, autobusez joateko gomendioa egin du Arizmendik, bertan auto gehiegi ez batzeko. Hala, joateko eta gero herrira bueltatzeko autobusa egongo da: 15:30ean, erdiguneko autobus geltokitik irteera; eta itzulera, aldiz, 19:30ean.

Marrazkitik gorputzera

Jose Arana ikastolaren zigilua edo marrazkia ezkur bat zen, eta da. Hortik abiatuta, 2007an, Ezkurtxo pertsonaia sortu zuten; udazkenaren eta ikastolaren identitatearen ikur bilakatu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak