Eskoriatzarrak "alertan" denda zein etxebizitzetako lapurretengatik

Maialen Regueiro 2019ko abu. 13a, 16:24

Eskoriatzako udalak ohar bidez jakinarazi du, lapurretak izaten ari direla herriko hainbat komertzio zein etxebizitzatan. Honen eraginez, udalak herritarrei adi egoteko deia egin die.

Eskoritzako udalak jakinarazi du, Ertzaintza lapurretak aztertzen ari dela eta udaltzaingoa ere "alertan" dagoela lapurreta gehiago gerta ez daitezen.

Lapurtzeko modua

Udalak adierazi du lapurrek, lapurreta egiteko modua errepikatzen dutela: "Lapurreta egin aurretik, etxeko atarietan sartzen dira eta komertzialak izango balira bezala, herritarrei produktuak saltzen dizkiete. Eraikin barruan daudela, hutsik dauden etxeak markatzen dituzte eta egun batzuk beranduago horietan sartzen dira lapurreta egitera".

Arreta zaintzea

Lapurreta egiteko modua identifikaturik dagoenez, udalak herritarrei honako hau eskatzen die: "Herritarren laguntza ezinbestekoa da lapurreta hauekin amaitzeko, horregatik, herritarrei arretaz aritzea eskatzen diegu eta edozein ekintza arraro ikusten badute deitu dezatela Ertzaintzara, 943 53 47 20 zenbakira edota 112ra".

Lapurreta saihesteko moduak

Udalak gainera, gogorarazi die herritarrei hainbat modu daudela lapurretak saihesteko: "Sare sozialetan ez da komeni non zauden jartzea. Horrez gain, kanpoan zauden bitartean, herrian familiako norbait baduzu, etxetik pasatzea komeni da guztia ondo dagoela egiaztatzeko eta bide batez, seinale bat uzteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak