Udaltzaingoak hainbat gomendio eman ditu oporretako lapurretak ekiditzeko

Maialen Regueiro 2019ko uzt. 30a, 11:59
Argazkia: Ophelia photos

Opor garai honetan, udaltzainek etxebizitzetako lapurretak ekiditzeko kontuan hartu beharreko neurrien berri eman dute, baina baita bidaia egiten denerako zein opor egunetarako prebentzio aholkuak ere.

Etxebizitzari dagozkion neurriak

Udaltzainen esanetan, honakoak dira etxebizitzetan hartu beharreko neurriak: "Etxeko atea giltzarekin itxi beti. Herritarrek etxetik kanpo egingo dituzten egunak ez da komeni publikoki esatea eta honekin batera, sare sozialetan idazten dena ere kontuan hartu behar da. Horrez gain, etxean jendea dagoenaren itxura ematea gomendatzen dugu, pertsiana batzuk zabalik utzita, adibidez eta baliozko objektuak babestuta eta identifikatuta izatea ere garrantzitsua da. Era berean, oporretatik bueltan lapurreta egon dela konturatuz gero, 112 telefonora deitu behar da ahalik eta azkarren eta ezer ez ukitzea ezinbestekoa da".

Prebentzio neurriak bidaian eta oporretan

Udaltzainek gainera, bidaia egiten denerako eta opor egunetarako beste prebentzio neurri batzuk aipatu dituzte: "Geltokietan, aireportuetan zein errepidean, garrantzitsua da dirua eta agiri pertsonalak banatuta eramatea. Horrekin batera, ez da komeni diru kopuru handiak eramatea, hobe da larrialdi kasuren baterako diru kopuru bat bereizita izatea, leku seguru batean. Aireportu zein geltokietan norberaren gauzak bistatik ez galtzea komeni da. Errepidean berriz, hobe da jendea dagoen tokitan geldialdiak egitea eta noski, autoan baliozko objektuak agerian ez uztea".

Oporretako egonaldian ere hainbat neurri hartzea garrantzitsua da udaltzainen esanetan: "Autoekin bidaiatzen dutenek, hotel edo apartamentu batera badoaz, jendea dabilen lekuan aparkatzea gomendatzen dugu eta autoan uzten diren objektu pertsonalak kontrolatzea. Era berean, objektu pertsonalak kontrolpean izatea hondartza zein igerilekuetan eta pertsona ugari batzen diren lekuetan arretaz ibiltzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak