2016an Danimarkan sortu eta gerora Donostian forma hartu zuen Nogen taldearen emanaldia izango da San Pedro jaietan, ekainaren 30ean, 23:00etan hasita. Uda kontzertuz "beteta" dutela azaldu du Alex Irazusta taldeko gitarra joleak; hala ere, "gogotsu" daude Debagoienean jotzeko: "Lehen aldia dugu Eskoriatzan, baina ziur gaude publikoak ondo hartuko gaituela. Gehiagotan izan gara bailaran jotzen eta jendearekin oso gustura sentitu gara".
Era "ezohikoan" sortutako taldea da Nogen: "Erasmusen zegoela, ukelelea jotzen hasi zen taldekide bat, Markel Idigoras. Donostiara itzultzean, jarraipena eman nahi izan genion eta bion artean hasi ginen abestiren bat edo beste sortzen. Gero, Ane Negueruela gehitu zitzaigun, eta ahotsa jarri zion taldeari", azaldu du Irazustak.
Ordutik hona, gorabehera ugari bizi izan dituzte, baina 2017an, egun duten boskote forma har-tu zuen Nogenek. Hala, iaz aza-roan kaleratu zuten pop-folk doinuak nahasten dituen taldearen lehen lan luzea, Liv til doden (Hil arte bizi).
"Uda iritsi aurretik, aretoetako kontzertuak eskaintzen ibili gara, diskoa aurkezten, eta orain, kontzertu irekiekin gabiltza". Bietan oso gustura sentitzen direla azaldu dute, eta ezberdintasun handirik ez dagoela bataren eta bestearen artean. "Beti berotu behar da pixka bat publikoa, kontzertu hasieraren eta azken abestien artean nabari dugu ezberdintasun handiena, jendea animatuz joaten da".
Hiru hizkuntzatan
"Margolari batek kolore guztiak erabiltzen dituen bezala, guk ere dakizkigun hizkuntza guztiak erabiltzen ditugu gure abestietarako", azaldu du Irazustak. Hori dela eta, taldearen kantuek euskarazko, ingelesezko eta gaztelerazko letrak dituzte. Abestiak sortzerakoan jarraitzen duten bideaz galde-tuta, lehen urratsa musika sortzea dela azaldu du, eta behin oinarria dutenean "era oso naturalean", letrak gehitzen dizkiotela.