Dantzak batu zituen Meeting point ikuskizuneko protagonistak, eta, hain zuzen ere, dantzari bueltatu nahi izan diote "bizitzak egindako oparia". Erlazioei buruz, pertsonen arteko harremanez eta bizitzaz, batez ere, mintzo da Ertza konpainiak Eskoriatzara eramango duen emanaldi laburra.
Ordu laurden irauten duen kale ikuskizunak hiru lagunen bizitzek nola eta noiz topo egin zuten azaltzen du. "Protagonistetako bik, herrialde berean hazitakoek, jaioterria utzi zuten eta, 8.000 kilometrora, bizitza berri baten bila alde egin zuten. Putzua gurutzatu behar izan dute eta urte batzuk pasatzen utzi, planetaren beste punta ba-tean elkartu, elkar ezagutu, eta elkarren loturak aurkitzera iristeko", azaldu du Asier Zabaleta Ertza konpainiako kideak.
Hura da, hain zuzen ere, hirugarren protagonista istorio horretan: "Kasualitatez elkartu ginen, casting batean, eta ordutik hona banaezinak gara". Zabaletaren espezialitatea dantza garaikidea izanik, breakdancearen eta hip-hoparen hizkuntzak nahastu dituzte, hiruren artean, bizitzaren bueltez hitz egiteko.
Ibilbide oparoa
Ertza konpainiak 2004an hasi zuen bidea, Asier Zabaleta (Ezkio, 1972) dantzari eta koreografoaren zuzendaritzapean. Suitzan urte batzuk eman ostean, Euskal Herrira itzuli eta konpainia abiarazi zuen. Bertan, dantzara mugatu barik, artearen askotariko diziplinak nahastuz, baina estilo garaikidean oinarrituz, pieza ezberdinak sortzea du helburu.
"Gizakiaren eta gizartearen kontraesanen inguruan galderak plazaratu nahi ditugu, eta espazio publikoetara nahiz aretoetara eraman. Dantzaren estetika garrantzitsua den arren, barnean daraman mezuari ematen diogu garrantzi berezia, hitzek komunikatu ezin dutena kontatzeko", azaldu du Zabaletak.
Sortu zenetik, munduko hainbat txokotara eraman ditu bere lanak Ertza konpainiak: Txina, Filipinak, Brasil, Peru, Costa Rica, Mexiko, Errusia... Sorkuntza arloan eginiko lanez haratago, Ertzak hainbat formakuntza eta sentsibilizazio proiektu ere jarri ditu martxan.