Anabel Legaz: "Eskoriatzako herritarrei zerbitzu gehiago eskaini behar zaizkie"

Maialen Regueiro 2019ko mai. 12a, 07:00
Eskoriatzako sozialisten alkategaia herriko plazan.

Anabel Legaz, donostiarra (33 urte) Arrasateko PSE-EEko zinegotzia izan da azken legealdian, baina maiatzaren 26ko Udal Hauteskundeetan Eskoriatzako PSE-EEko alkategaia izango da. Legaz langabezian dago gaur egun eta bi semeren ama da. 

Zeinek eta zela konbentzitu zintuen zerrendan joateko?

Familiako tradizioagatik eta nire aitonagatik, Euskadiko Alderdi Sozialistako kidea naiz, eta Eskoriatzako hautagaitza sozialistako buru izatea proposatu zidan alderdiak. Beti egon naiz alderdiaren esanetara, laguntzeko eta jendearen bizi-kalitatea hobetzera bideratutako ideia eta proposamen aurrerakoiak praktikan jartzeko.

Alkategai izateko erabakia hartzea asko kostatu zaizu?

Ez. Hasiera-hasieratik hartu dut konpromiso etiko eta politikoa, Eskoriatzan herritarrei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak hobetzera bideratutako udal-politika publikoak ezartzeko. Eskoriatzako Udala gardentasunaren, bizikidetzaren, berdintasunaren eta konpromiso sozialaren printzipioei jarraituz kudeatu nahi dugu, eta lehentasuna agenda sozialari eta zerbitzu publikoen hobekuntzari eman nahi diegu.

Zer da Eskoriatzatik gehien gustatzen zaizuna?

Eskoriatzaren erakargarritasuna hainbat elementutan datza: historia, paisaia, hiriguneko eraikinak, aztarna arkeologikoak, zazpi elizateak, museoa eta kontserbatutako elementuak (hala nola Mugarriluzeko menhirra, Zubiateko labea eta Elorretako errota). 

Zein da Eskoriatzan gustukoen duzun txokoa?

Asko gustatzen zait ibiltzea, eta Atxorrotx gazteluak eta baselizak xarma berezia dute, inguruko biodibertsitatearen kontserbazioa kontuan hartuta.

Eskoriatzako alkate izango bazina edo erabakiak hartzeko aukerarik izango bazenu, zer proiektu egingo zenituzke?

Euskal sozialistok uste dugu Eskoriatzako herritarrei zerbitzu gehiago eskaini behar zaizkiela, eta ondoren azpiegituretan pentsatu behar dela. Erakundeen arteko jarduera sustatu behar dugu, herritarrentzat onuragarriak diren proiektuak egin ahal izan daitezen. Eta, jakina, Eskoriatzako aurrekontu-partidak igoko nituzke bereziki kezkagarriak iruditzen zaizkidan bi esparrutan, alegia, enpleguaren esparruan eta integrazioaren eta gizarte-zerbitzuen esparruan, gaur egun esparru horietako aurrekontua aurrekontu osoaren % 3,8 eta % 9 baita, hurrenez hurren. Hau da, aurrekontu osoaren bi gastu kantitaterik txikienak dira.

Azken agintaldian Arrasaten izan zara zinegotzi. Egindako zer gauzagatik zaude bereziki pozik, gustura edo harro?

2015. urteaz geroztik Eusko Jaurlaritzatik irisgarritasuna hobetzeko jarduketetarako lortutako inbertsioarekin (ia 66.000 euroko esku-hartzeak egin dira) eta gure herrian 54 etxebizitzaren birgaitzeetan inbertitzeko lortutako 50.000 eurotik gorako laguntzekin nago pozik.

Kanpoko bati Eskoriatza nolakoa den azaldu beharko bazenio, zer kontatuko zenioke?

Esango nioke Eskoriatza Gipuzkoako lurralde historikoko udalerri bat dela, Debagoiena eskualdean kokatuta dagoela, eta hiriguneak monumentu multzo bat osatzen duten hainbat garaitako eraikin bikainak dituela. Esango nioke Eskoriatza ez dela paisaia soilik, oso ongi kontserbatutako ingurune natural aparta badu ere. Horrez gain, zazpi elizate (auzoko alkateak dituzten landa-auzoak, alegia) eta hainbat monumentu historiko-artistiko ditu, hala nola Mondragon Unibertsitatearen egungo egoitza. Halaber, jarduera garrantzitsua agertzen du industria-enpresei dagokienez.

Eskoriatzako alkate izango bazina, zein hiru gauza egingo zenituzke lehenengo? 

Lehenik eta behin, udal gobernu egonkor eta plural bat osatzen saiatuko nintzateke, udal kudeaketari hertsiki lotu gabeko edozein gairen ordez Eskoriatzan bizi diren eta bertan lan egiten duten pertsonen beharren agenda soziala lehenetsiko lukeen lau urterako gobernu programa bat kudeatzeko konpromisoan oinarrituta. Halaber, gure herriaren diagnostiko ekonomiko eta soziala egiteko eskatuko nuke, enpleguaren eta gizarte zerbitzuen arloko inbertsio publikoa efizientziarik handienarekin errentagarri egiten saiatzeko, eta Eskoriatzako garapen ekonomikoa sustatuko nuke.

Zure ustez, zeintzuk dira Eskoriatzak hobetzeko behar dituen hiru neurriak? 

Lehenik eta behin, kolektiborik kalteberenentzat (hau da, gazteentzat, emakumeentzat eta 45 urtetik gorakoentzat) enplegua bultzatu eta sustatzeko ekintza irmoa. Udal-politika sozialetan, pertsonen eta haien duintasunaren babesa izango da gure lehentasuna, eta kolektiborik kalteberenentzako arreta izango dugu oinarri: hirugarren adinekoen arreta integrala, haurren eta gazteen babesa eta gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonen arretaren hobekuntza.

Zure alderdiak non, zein alorretan, eragin nahi du bereziki datozen lau urteotan?

PSE alderdiak 110 konpromiso zehatzeko hauteskunde-programa bat planteatu zuen jakintzaren, aukeren, ongizatearen, trantsizio ekologikoaren, eskubide eta askatasun berrien Espainia moderno, aurrerakoi, lehiakor, feminista, europar eta mundura ireki bat lortzeko.

Zer da alkate izatearen gauzarik onena eta okerrena?

Onena da udalbatzaren gehiengoaren babesa duten ekintzen eta proposamenen bidez Eskoriatzan lan egiten duten eta bertan bizi diren pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntzan eragin dezakezula eta haien premiei politika aurrerakoiekin erantzun diezaiekezula. Okerrena, berriz, kargudun publiko gisa betetzen duzun lanaz ahazteko zailtasuna eta kargu publikoa betetzeko ordutegi bat eta jarduera pribaturako beste bat ez izatea da.

Zer gustatzen zaizu egitea aisialdian?

Zalantzarik gabe, familian egotea eta senarraz eta semeez gozatzea gustatzen zait. Izugarri gustatzen zaigu hondartzara eta mendira joatea, haurrak korrika egin eta ongi pasa dezaten. Haurrek hain ongi pasatzen dutela ikustean izaten ditugu unerik onenak.  

Zuenean zeinek egiten ditu etxeko lanak? Etxea garbitu? Bazkari/afariak? Oheak?…

Bi seme ditut, zortzi eta hiru urtekoak, eta horrek etxea ongi antolatu behar izatera behartzen gaitu senarra eta biok. Orain langabea naizenez gero, neu arduratzen naiz batez ere etxeko zereginez eta haurren zaintzaz, baina senarra etxera iristen denean, hark hartzen du semeen ardura, lana bilatu ahal izan dezadan.

Feministatzat duzu zure burua?

Bai.

Zer egin zenuen martxoaren 8an?

Donostian deituta zeuden kontzentrazio eta manifestazioetan parte hartu nuen, bertan egon beharra bainuen.

Nola ikusten dituzu azkenaldian martxoaren 8aren bueltan egin diren mobilizazio handiak?

Uste dut mobilizazioa oso garrantzitsua dela, adore handia ematen baitu gizartearen esparru orotako emakume asko beraien eskubideen alde aurrera egiteko elkartuta daudela pentsatzeak. Lan handia geratzen da oraindik.

Ikusi dituzu Espainiako hauteskundeetako hautagaien debateak? Zer iruditu zaizu?

Eztabaidek zalantzan daudenek ondorioak ateratzeko eta proposamenak garbi edukitzeko balio beharko lukete, baina, zenbaitetan, ikuskizun publiko bihurtzen dira batez ere. Maila nazionalean egin zen lehen eztabaida naturalagoa izan zen agian, bigarrenak estrategia aldatzeko aukera eman baitzien eskuineko alderdiei. ETBko eztabaidetan, berriz, alderdi askok hartu zuten parte, eta arintasuna eta naturaltasuna galdu zen.

Zein balorazio egiten duzu igandeko hauteskundeek utzitako emaitzen inguruan?

Oso pozik nago. Apirilaren 28a egun zoriontsua izan zen sozialistontzat. Baita Gipuzkoako sozialistontzat ere, aktiboki lagundu baitugu Espainiako garaipen sozialistan. Gainera, zegokigun lekua berreskuratu baitugu. Boto gehiago lortu ditugu.

Trump, Bolsonaro, Vox, eskuin muturrekoen gorakada… Zer iruditzen zaizu?

Uholde populista eta ultraeskuindar hori oso arriskutsua da, eta Espainian geldiaraztea lortu dugu. Zalantzarik gabe, zorionak eman behar dizkiet herritarrei, beraien botoekin osasun-hesi bat osatu baitute eskuinen eta ultraeskuinen inguruan. Gainera, esan behar dut dezepzio handia sentitu dudala PP eta Ciudadanos alderdiekin, ez baitute Vox alderdia geldiarazi. Aitzitik, Andaluzian elkartu egin dira hauteskundeak irabazi zituen Alderdi Sozialista botatzeko. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak