Agintaldi berrira begira, berriz, izango zara Eskoriatzako Elizateen Elkarteko alkategaia? Zer dela-eta?
Urte bukaerako ohiko hileroko bileran irten zen gaia. Hilero batzen gara elizate guztietako ordezkariak, eta hurrengo agintaldirako taldea osatzeko pentsatzen hasi beharra zegoen. Berriro aurkezteko prest egongo nintzatekeen galdetu zidaten, eta baietz esan nuen. Egia esanda lau urte hauek konturatu barik pasatu dira eta talde oso ona izanda esan dezaket gustura egon naizela.
Talde berria aurkeztu duzue, gainera, Eskoriatzako zazpi elizateetako herritarrek osatuta. Zaila izan da hautagaiak batzea?
Egia esan, lan horretan ez dut parte asko hartu. Zazpi elizateetako ordezkariek eta Leteko auzo-alkateak talde oso ona osatu dute lau urte hauetan, eta beraiek izan dira talde berria osatzeko lagunak bilatzeko lana egin dutenak. Gainera, talde oso orekatua osatu dute; alde batetik, genero aldetik, eta, bestetik, kontuan izanda, elizate guztietako bizilagunen presentzia. Udaletxean elizateetako bizilagunak egotea oso barneratuta dugu, gainera, elkartekide guztiok, eta hori argi eta garbi ikusi daiteke 36 urte hauetan beti izan dela jendea prest lana egiteko eta zerrenda-kide moduan joateko.
Eskoriatza herria bai, baina Elizateen elkarteak, zazpi elizateen alde egiten duzue soilik?
Apotzaga, Bolibar, Gellao, Marin, Mazmela, Mendiola eta Zarimutz dira Eskoriatzako zazpi elizateak, eta Lete auzoa ere taldean sartuta dago. Azken hau, Eskoriatzako auzoa da eta elizate guztiak nahi ditugu bizigune izan, beraz, hauengatik egiten dugu bereziki lan.
Zeintzuk dira beharrak?
Aurten, eta oker ez banabil, hamargarren agintaldia izango da Eskoriatzako Elizateen Elkartea (EEE) aurkezten dena udaletxera eta nahiz-eta denbora honetan lan asko egin diren, beti daude beharrak elizate guztietan. Behar berriak sortzen direlako, edota, egindakoak mantendu behar direlako. Batzuk aipatzekotan hauek izan daitezke: kalitatezko ura bermatzea etxebizitza guztiei; mugikortasunari dagokionez, pertsona helduek, edo ezinduek, edo nerabeek, garraio zerbitzu publiko bat erabiltzeko aukera izatea; Komunikazio azpiegiturari dagokionez, Internetera konektatzeko abiadura duin bat etxe guztietara iristea; eta etxebizitzetako bideak egoera onean mantendu beharra izatea. Hala ere, hauek ditugun beharretako batzuk dira soilik, baditugu gehiago.
Nolakoa da Elizateen Elkartearen funtzionamendua?
Taldea, zortzi auzo-alkatek eta nik osatzen dugu, eta urte bukaera baino lehenago, udaletxeko aurrekontuetara begira, gure hausnarketa egiten dugu: zer egin den urtean zehar, zer falta den bukatzeko eta zer behar ikusten ditugun aurrera begira. Bertan osatzen dugun zerrenda denon artean onartu eta beharren arabera lehenesten ditugu. Noski ustekabekoren bat sortzen bada aztertu beharra izaten dugu, eta osatzen dugun zerrenda horretan aldaketak egon litezke. Kudeaketa plana deritzona.
Jarraipena egiteko hilero ohiko bilera bat egiten dugu planari jarraipen bat egiteko edota beste gairik sortzen bada, gure artean komentatzeko. Horrez gain, beste gairen bat sortzen bada, ez ohikoak ere egiten ditugu.
Eskaerak ugariak izango dira elizate ezberdinen herritarrengandik. Behar handienak nola aukeratzen dituzue?
Elizate bakoitzak bere bilera egiten ditu, eta bakoitzak bere zerrenda osatzen du. Gero taldeko bileran denak mahai gainean jarri, eztabaidatu, eta lehentasunezkoak markatzen dira. Zerrenda honek markatzen du nondik nora egingo dugun lan, eta zein proiektutan aurkeztu behar den bakoitza: udaletxeko aurrekontutik, Landaolatik, GFAko bide programatik… Udaletxeko dirua mugatua denez, ate ezberdinetan jotzen dugu atea.
Agintaldian egindako ze gauzagatik zaude bereziki pozik, gustura edo harro?
Egia esanda ez nauke jakingo zein esan, baina bat aipatzekotan, Gellaotik Apotzaga auzorako bidea konpontzea aipatuko nuke. Alde batetik, duela urte askotatik beharra zuelako, eta, bestetik, Gellaok Eskoriatza herriarekin bide zuzen bat izateko aukera bete delako.
Zure herria nolakoa den, ze ezaugarri dituen… kanpoko bati azaldu beharko bazenio, ze kontatuko zenioke?
Herri txikia izan arren, balore handiak dituen herria dela Eskoriatza esango nioke. Gure historia aspaldikoa da, eta herria bera ondo begiratzen badugu, zazpi elizatek eta Letek inguratuta dagoela ikusi dezakegu. Bakoitzak dituen ezaugarri, paisaia, eta berezitasunekin. Eta guztien gainetik Atxorrotx dugu, beti zaindari. Hala, bertara joatea ezinbestekoa dela esango nioke, edo elizate bakoitzeko inguruak bisitatzea. Axtrokiko ontzien historia ere ezin ahaztu, nahiz-eta, zoritxarrez, gure museoan ez egon. Hauez gain; Zubiateko labea, Ibarraundi museoa…
Aurtengo agintaldian, EAJrekin hitzarmena sinatu zenuten eta Udal Gobernuan egon zarete. Horrek eragin du elizateetan egin beharreko proiektuak aurrera eramaten?
Betidanik gure taldeak alderdi bozkatuenari eman dio laguntza, eta oraingoan ere horrela izan da. Nire kasuan, esan beharra daukat oso positiboa izan dela agintaldi hau, oso gustura ibili naizela. Hala, lana egiteko gogoarekin ikusi dut nire burua, eta behar izan dudanean laguntza eskaini didate. Gainera gauza asko ikasteko aukera izan dut.
Zein izango da zuen helburu nagusia Eskoriatzako udalean?
Eskoriatzar guztiek oinarrizko zerbitzuak izan ditzaten lan egingo dugu, bereziki; ur sarean, telekomunikazio sarean eta mugikortasunean (pertsona helduak, edo ezinduak, edo nerabeak, garraio zerbitzu publiko bat erabiltzeko aukera izan dezaten).
Landa inguruan nekazaritza, abeltzaintza eta basozaintzarekin lotutako jarduerak bultzatuko ditugu, eta aldi berean landa inguruko erabakiak hartzen diren tokietan hitzez eta botoz parte hartzen jarraituko dugu (Udalean, Mankomunitatean eta Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko patronatuan)…