Ibilbide eta eskaintza ezberdinak erakutsi ditu Puntaik Punta jaialdiak

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko mai. 4a, 17:03

Euskal Herrian zein kanpoan egin daitezkeen ibilbide, zeharkaldi edo mendi irteeren berri dago Puntaik Punta jaialdian jarri dituzten informazio mahaietan. Baina oreka eta eskalada jolasak, tailerrak, ibilaldiak, artisau azoka eta zuzeneko musika emanaldiak ere badira Eskoriatzan.

Debagoienean egin daitezkeen ibilbideen informazio mahaia jarri du bailarako Mankomunitateak Eskoriatzan egiten ari den Puntaik Punta jaialdian. Baina jaso daitezke Euskal Herriko beste toki batzuetan eta kanpoan egin daitezkeen planen gaineko esku orriak, Pirinioetan esaterako. Laudioko Aitor Saez-ek, esaterako, Arabar Errioxa ingurukoak ditu bere postuan: "Upategien edo bodegen ibilbideak bakarrik ez, bestelako irteerak ere egin daitezke lur haietan eta horixe ari naiz azaltzen. Badaude dolmenak gertu ikus daitezkeen parajeak, bizikletan familian egin daitezkeenak edo ikustekoak diren urmaelak. Eta hemen zer dagoen ere jakin gura dugu guk, beraz, informazio truke praktikoa dugu hemen". Erdiko kalean daude informazio mahaiak, artisauen postuen ondoan.

Horixe da jaialdi honen helburuetako bat, gune ezberdinetan egin daitezkeen irteera edo ibilaldiak ezagutaraztea. Baina beste hainbat plan ere egin zitezkeen gaur Eskoriatzan. Goizean, esaterako, orientazio tailerra egon da kultura etxean eta mendiko mapak nola interpretatu erakusten ibili da Menditxik enpresako Oxel Arrieta arrasatearra. "Mendira joan aurretik egin beharreko lana izaten da nora goazen mapa gainean ikustea. GPSak ere badaude, baina mapak eta ipar-orratza hor daude eta horiek motxilan sartuta joatea izaten da onena", dio Arrietak. Arratsaldean Aitzorrotzera joan dira goizean ikasitakoak praktikan jartzera.

Ibarraundi museoaren kanpoaldean berriz beste bi tailer egin dituzte Alluitz Natura etxearen eskutik: hainbat barazki eta landare bertikalean eutsiko diren edukiontzietan nola landatu azaldu dute batetik eta barazki eta frutekin margolanak nola egin daitezkeen bestetik. "Umeendako antolatu ditugu gehienbat bi tailer hauek, baina ortu bertikalekora, esaterako, helduak ere etorri dira, eta pozik gaude", adierazi du Nagore Gartziak.

Barruan Karmelo Oñateren marrazki erakusketa dago jarrita. Mendiak, eskia, kobazuloak, zeharkaldiak, eskalada eta antzerako marrazkiak dira, koloretan.

Beste ume batzuk Inguru abentura enpresak Luis Ezeiza eskola aurrean jarri dituzten jolasetan ibili dira: eskalatzen, oreka mantentzeko ariketetan jolasean, soka tiran... "Maila ezberdinetako lau pareta ditu rokodromo txiki honek eta ume gehienak laurak egitea gura izaten dute. Goian daudela arretaz entzuten dituzte gure gomendioak eta kasu egiten digute", esan du goizean Julen Ardanazek.

Arratsaldeko ordu batetan Olatz Salvador musikariaren emanaldia hasi da plazan. Goizean egin diren irteeretan parte hartu duten hainbat herritar zeuden entzuleen artean.

Goizeko ekitaldietako askok jarraipena izango dute arratsaldean eta bihar domeka, jarraipena izango du Puntaik Punta jaialdiak.

Erlazionatuak

Puntaik Punta jaialdia Eskoriatzan

Oihana Elorza Gorostiza 2019 mai 04 Eskoriatza

Puntaik Punta Eskoriatzan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019 mai 03 Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak