Salva Gonzalez: "Enpleguan, etxebizitzan eta ingurugiroan eragin nahi dugu"

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mai. 9a, 15:00

Salva Gonzalez Elkarrekin Podemos-eko alkategaia Herri Eskola kanpoan.

Salvador Gonzalez Santiago (Posadas, Kordoba,1955) Eskoriatzako Elkarrekin Podemos-eko alkategaia da. 48 urtez Bergaran bizi izan den arren, gaur egun, Gasteizen bizi da. Bergarako udaletxeko langile moduan aritu da, brigadan, mantenimenduan, eta erretiro aurreratua hartuta dago. Politika munduan urte asko daramatzan arren, Eskoriatzan aurkezten den lehen aldia da.

Zeinek eta zela konbentzitu zintuen zerrendan joateko? 

Alderdiko kide batek konbentzitu ninduen, Eskoriatzako zinegotzia izandako batek. Ez da samurra izaten halako erabaki bat hartzea, eta bi edo hiru aste behar izan nituen erabakia hartzeko. Hori horrela, laneko prest nago.

Zer da Eskoriatzatik gehien gustatzen zaizuna?  

Eskoriatzarra izan ez arren, eta bertan bizi ez arren, Eskoriatzan dagoen lasaitasuna eta bertako ingurugiro naturala dut gustukoen. Askotan joaten naiz lagun batzuekin elkartzera, baina ez daukat leku berezi bat, herriko edozein tokitan egon naiteke gustura.

Zein proiektu zehatz egin nahiko zenuke Eskoriatzan, alkate izango bazina edo erabakiak hartzeko aukerarik izango bazenu?   

Beste udaletxeekin batera zerbitzu publikoak partekatzearen alde egingo nuke. Ez bikoizteko asmotan, bultzatuko nuke Deba Garaiko Mankomunitatean, erkidegoan eginez. 

Alkate izango bazina egingo zenituzkeen lehen hiru gauzak? 

- Zerbitzu publikoak indartuko nituzke, hiritarrei zerbitzu hobeak emateko.

- Hiritarrekiko komunikazioari eta informazioari lehentasuna ematea uste dut garrantzitsua dela, honela, gardentasun handiagoa sortzeko.

- Berdintasunaren gaineko zinegotzi espezifiko baten figura sortuko nuke. 

Zer da alkate izatearen gauzarik onena eta okerrena? 

Ez naiz sekula alkate izan, baina, zinegotzi moduan ere asko egin dezakezu. Gauzarik onena, jendearen zerbitzura egoteko erantzukizuna sentitzea dela esango nuke. Txarrena, berriz, zure pribatutasuna galtzen duzula.
 
Aisialdian zer gustatzen zaizu egitea? 

Gauza asko egitea gustatzen zait. Adibidez, mendira joatea, kirola egitea… Udan, esaterako, lagunekin batera arroila jaitsierak egitea dut gustuko. Irakurtzea ere asko gustatzen zait. 

Ikusi dituzu Espainiako hauteskundeetako hautagaien debateak?  

Egia esan, ez ditut Espainiako hauteskundeetako hautagaien debateak ikusi. Ez daukat ohiturarik debateak ikusteko, izan ere, konbentzituta nago nire alderdiarekin. Oso argi daukat zeini eman behar diodan botoa.

Feministatzat duzu zure burua? Zer egin zenuen martxoaren 8an?

Bai, nahiz eta perfektua ez izan. Martxoaren 8an, etxeko lanak egin nituen eta Mugimendu Feministak antolatu zuen manifestaziora joan nintzen. Gainera, azken aldian egin diren mobilizazioak handiak izan dira, eta beharrezkoak iruditzen zaizkit. Batez ere emakumeek pairatzen dituzten diskriminazioak azaleratzeko eta ahal den neurrian, hauekin bukatu ahal izateko.Espero dut mobilizazioek jarraipena izatea.

Eskuin muturrekoen gorakada… Ze iruditzen zaizu? 

Krisialdi guztietan gertatzen den bezala, eskuin muturrekoak gorakada handia izaten du. Ez da fenomeno berri bat. Penagarria da jendeak horiek gauzak konponduko dituztela pentsatzea. Trump adibidez, armamentuzko multinazionalen zerbitzura dago zeharo eta Bolsonaro Estatu Batuetako Gobernuaren zerbitzura. Gainera Bolsonaro, gezurretan ibili da bere kanpainan zehar, baina komunikabideak bankuen eta transnazionalen eskuetan daudeeta indar handia eta iritzia sortzeko ahalmena dute. Hori horrela, ez dira beraien jabeen kontra arituko. Vox zer esanik ez. PP-ren barrutik sortutako indarra da. Lehen PP barruan zeudenak dira, eta oraindik frankista asko geratzen direla esango nuke.
 
Ingurumenarekin, mugikortasunarekin, hirigintzarekin, enpresarekin, kirolarekin, kulturarekin, euskararekin, berdintasunarekin, etxebizitzarekin… lotutako kontuen bueltan zein da zuen proposamena? 

Nire alderdiak batez ere hiru arlotan eragin nahi du bereziki datozen lau urteotan. Enpleguan, etxebizitzan eta ingurugiroan. Etxebizitza eskubidea bermatuta izatea lehentasunezkoa da guretzat, hiritar guztiek bere bizitza-proiektua eraman ahal izateko baldintza duinetan. Horretarako hitzarmen baten bitartez, Intxaurtxuetako etxebizitzak bukatzea bultzatuko dugu, baita etxebizitzak birgaitzeko beste neurri batzuk martxan jartzea ere, eta helburu hau bete dezaketen lokalak balioan jarri nahi ditugu. Herriko enpresa guztiekin elkarlanerako hitzarmenak bultzatzea ere bada gure asmoa, hala, enpleguaren sarbidea sustatzeko. Ingurugiroari dagokionez, berriz, ahal diren neurri guztiak bultzatuko ditugu gure seme-alabei ingurugiro bizigarri, jasangarri eta osasuntsuena lagatzeko. Euskararen aldeko apustua ere egiten dugu. Denon ondarea da, eta horregatik babestu behar dugu. Hori horrela, irakaskuntzaren doakotasuna bultzatuko dugu, politika publikoak martxan jarriz.

Hautagaia berria zara Eskoriatzan, baina esperientziaduna, ezta?

Bai esperientzia dut politikan. Azken lau urteotan, esaterako, Bergarako Irabazi alderdiko zinegotziari egon naiz laguntzen. Hala ere, herri bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta Debagoienean herri batetik bestera, asko aldatzen dira gauzak. Hori horrela, gure helburu nagusia herri solidarioa izatearen aldeko apustua egitea izango da, justizia soziala lortzeko eta elkarbizitza ona izan dezagun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak