Eluska Irazu: "Herri bizitza indartu nahi badugu, norbanakoak erdigunean jarri behar ditugu"

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mai. 2a, 15:00

Eluska Irazu Eskoriatzako EH Bilduko alkategaia Jose Arana kalean.

Eluska Irazu Hernandez (Eibar, 1975) Eskoriatzako EH Bilduko alkategaia da. Jaiotzez eibartarra bada ere, urteak daramatza Eskoriatzan bizitzen. Lanbidez, irakaslea da, Historian Lizentziaduna, eta ondare kulturalean espezializatuta. Irakasle lanetan 20 urte daramatza, eta horrez aparte, ikerketa historiko-artistikoak ere egin ditu, besteak beste.

Noiztik politika kontuetan?

"Ofizialki" sei bat hilabete, baina herritar bezala, ahal izan dudan neurrian inplikatu izan naiz herrian martxan jarri diren hainbat proiektutan. Hala ere, Euskal Herriko herritarra naizen heinean beti gustatu izan zait herri honen alde egotea.

Zeinek eta zela konbentzitu zintuen zerrendan joateko?

Herriko hainbat eragileek, beste herritar batzuen izenen artean nirea aipatu zuten. Hurrengo pausuan, zerrendak osatzeko ardura zutenak pertsona horiekin banaka berba egin ostean, eta neure txanda iritsita, pentsatuko nuela esan nuen, ardura asko iruditzen zitzaidala. Noski, horrek sortzen zizkidan eta sortzen dizkit zalantzak, baina argi neukan eta daukat, baiezkoarekin gogoz erantzungo diodala erronkari.

Asko kosta zitzaizun erabakia hartzea?

Apur bat bai. Erabakia hartu baino lehen nire bikotearekin komentatu nuen. Aldeko eta kontrako argudioak mahai gainean jarri genituen… Argi neukan bere laguntza eta babesik gabe ezingo nuela erantzukizun hori hartu; kontuan izan bi ume txiki ditugula… Eta, ume txiki horiek izan ziren hein batean ere, baiezkoaren atzetiko arrazoia: gaur egun bizitzen ari garen egoerek gure seme-alaben etorkizuna kolokan jartzen baitute. Eman zidan, nigan sinisten zuela esan eta aurrera egitea erabaki genuen.

Herriko txoko gustukoena?

Zaila da txoko bakar bat aukeratzea. Eskoriatzak txoko polit pila dauzka eta, nire kasuan, egunaren, umorearen arabera batera edo bestearen alde egiten dut; adibidez: Lete auzoko Santa Luzia baseliza; Alberjazarra; San Pedro auzoko goiko parkea; Atxorrotx bera; Bidebarrietako ibilbidea… Hala ere, Eskoriatzatik gehien gustatzen zaidana da jendearen hurbiltasuna. Begietara begiratu eta “kaixo”, “hola”, “epa”, “agur” horiek ez daukate preziorik!.

Zein proiektu zehatz egin nahiko zenuke Eskoriatzan, alkate izango bazina edo erabakiak hartzeko aukerarik izango bazenu?

Herri bizitza indartu nahi badugu, norbanakoak erdigunean jarri behar ditugu. Aukerak sortu behar ditugu herrian bizitza egin nahi dituzten gazte, nerabe zein helduk bizitzeko aukera duina izan dezaten; gustura egon daitezen herri-proiektuaren eragile izaten. Horretarako, etxebizitza duin bat izateko aukerak martxan jarri behar ditugu. Etxebizitza modu berriak aztertu beharko dira. Etxebizitza duina izatea eskubidea bat izan behar du eta ez luxuzko artikulu bat.

Eta, horrekin batera, nire amets pertsonala: balorean jarri herri honek duen ondare zoragarria. Zehazki, Pedro Lasagabaster alkate izandako garaian landu zen ideietako bat gauzatzea: San Pedro auzoa Kuatruenarekin lotzea, Bidebarrietatik, eta bide batez, herriko ibaiaren ezker aldeari merezitako garrantzia ematea.

Zure herria nolakoa den, zein ezaugarri dituen… kanpoko bati azaldu beharko bazenio, zer kontatuko zenioke?

Eskoriatza eta inguruak (elizateak, auzoak, Gatzagarekin duen erlazioa) ezagutu beharrekoak dira. Herri txikia da baina historia askorekin. Mendian ibiltzea, eskalada egitea gustoko baduzu, hainbat aukera dituzu: Kurtzebarri; Atxorrotx; Makatzgain; Hiruerreketa; Mandobidea… Ondare historikoa atsegin baduzu: Ibarraundi Museoa; Kulturateko labea; Gatz-Museoa; San Pedro eliza; elizateetako elizak eta baselizak; Isasi baserriko sukaldea; Unibertsitatea; Jose Arana eraikineko pinturak eta eraikina bera; Eskoriatza erdiguneko hainbat etxe… Eta, aldiz, lasai egotea nahi baduzu, pintxo edo eta kafe bat hartzen, hor duzu Eskoriatzako plaza bera; eta herrian zehar han-hemenka dauden taberna batzuen terrazak… eta, aukeran, hitz egin jendearekin… hori baita Eskoriatzako altxor “ezkutua”.

Zuenean zeinek egiten ditu etxeko lanak?

Etxea gobernatzearena nire bikotearen eta nire artean eramaten dugu. Ez daramagu kontrol bat zeinek zer egin duen eta zeinek zer egin behar duen. Egunaren arabera, nekearen arabera, umeen beharren arabera batak edo besteak egingo dugu: etxea garbitu, oheak egin, erosketak, jakiak prestatu, pardelak aldatu, umeak bainatu, lokartu, medikunera eraman… Guk oso argi daukagu bion artean egin beharrekoak direla. Horrela hezi gaituzte eta horrela hezi nahi ditugu geureak; baina, horretarako, eredu izan behar dugu. Ikusi behar dute bai aitak, bai amak, biok pasatzen dugula erratza, labadora jarri, arropa eskegi, medikura eraman, oheak egin… eta zeregin horietan, beraien neurrian, laguntza eskaintzen hasiak dira.

Alkate izango bazina egingo zenituzkeen lehen hiru gauzak?

- Zinegotzi guztiekin bildu eta udal ardura guztiak guztien artean banatzea, berdin zein alderdikoa izan.

- Herriko eragile, auzo, talde zein merkatarirekin bildu beraiekin batera udalaren erabakien parte izateko bide eta egiturak martxan jartzeko.

- Udal langile eta tekniko guztiekin bildu, batez ere, bi helbururekin: beraien egunerokotasuna eta herriarentzat egiten duten lana hobetzeko eta, hobekuntza horiei bideratuta, izan ditzaketen ekarpenak jasotzeko.

Azken finean, nahi duguna da herri honetan dauden adimen guztiak, eta asko daude, martxan jartzea herritarren arteko batasuna eta komunikazioa lortzeko.

Zure herria hobetzeko hiru neurri?

- Etxebizitza plana: gazteei, edadetuei, babesa edo eta beharra dutenei bideratutako etxebizitza komunitarioak, tutoretzapekoak…

- Herriko irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetu. Herria herritarrentzat izan dadila, sortu daitezkeen beharrei erantzuna emanez. Eta, mugikortasunari lotuta, herri osasungarria: kirola, mugimendua, osasuna sustatuz. Bidebarrietako paseoa ahaztu barik, noski.

- Herri bizia egin. Horretarako, merkataritza, ekintzailetza, lehenengo sektorea, turismoa bultzatuko dituzten ideiak, proiektuak sustatuz.

Aisialdian zer gustatzen zaizu egitea?

Nire aisialdian, ahalik eta lasaien egotea bilatzen dut; umeekin eta familian disfrutatzea. Posible bada inguruak ezagutzeko planen bat egin; erlojuari hainbeste begiratu gabe egunaz gozatu; familixakin Eskoriatzatik bueltatxo bat eman; lagunekin elkartu eta barre batzuk egin… Azken finean, momentu horiei ahalik eta probetxu gehien atera elkarrekin.

Nola deskonektatzen duzu lanetik?

Lanetik off egiteko modu hoberena niretzat da txakurrarekin mendi-buelta bat ematea. Ideala litzake familia dana lortuko bagendu mendi-buelta hori egiteko egoki martxan jartzea, baina ez da beti posible izaten. Daukagun denboraren arabera luzeagoa edo motzagoa izango da, baina, beti izango da zoragarria. Ez da oso urrun joan behar plazer txiki hontaz disfrutatzeko; Eskoriatza eta inguruko herrixak mendi-alde, txoko, ibilbide ikusgarri eta ederrak dituzte. Bueltatxo bat egitera joaten zaren bakoitzean topatu zeike arbola bitxi bat, animalia aztarna berriak… egunerokotasunak sortzen digun estres horretatik ihes egiteko plan aproposa.

Ikusi dituzu Espainiako hauteskundeetako hautagaien debateak? Ze iruditu zaizu?

Ez ditut hirurak ikusi. Bi ikusi ditut eta ikusi dudana kezkagarria eta lotsagarria iruditu zait. Nire ustez, ezin zaio “debate” hitza jarri; show bat zirudien. Denak batera berbetan, bata bestiarena zapaltzen… horrek errespetu falta ikaragarria erakusten du: nola egingo diozu aurre besteak esandako argudioei ez badituzu entzuten? Proposamenak baino, bata besteari errua botatzen ibili zirela iruditu zitzaidan, beraien aburuz itzel egindakoak esaten eta ondo ez egindakoa besteen errua zela aurpegiratzen. Jarrera horiekin, betiko lez, galtzaileak herritarrak; eta, Euskal Herriari buruz, betikoa ere, ez da egon ditugun beharrei erantzun zehatzik. Ikusitako ikusi ostean, argi dagoena da etorkizunaren giltza gure eskuetan dagoela, eta gu mugitu ezean, jai daukagula.

EH Bilduk, zein alorretan, eragin nahi du bereziki datozen lau urteotan?

Eragin nahi du orokorrean jendearengan, eta bereziki, herritarrengan. Pertsonak jarri behar dira bizitzaren erdigunean; aldaketa ekarri dezaketen proiektuen parte-hartzaile aktibo egin, bai ekarpenak egiten, bai zuzenean proiektu horiek martxan jartzen. Baina ez, soilik, datozen lau urteotan; baizik eta, etorkizunera begira datozen urteetan ere.

Feministatzat duzu zure burua?

Feminismoa mugimendu anitza da eta sexuen arteko, eta hainbat alorretan, berdintasunaren aldekoa. Ni berdintasun horren aldeko naiz, beraz, bai, feministatzat dut nire burua. Ezin dugu ahaztu, herri honek izan dituen emakume nabarmenak eta beraien parte hartze eta ekarpenek utzi duten arrasto garrantzitsua: Petra Laspiur; Maritxu Alegria: Ixabel Guridi; Marijo Pagaldai… Emakumeek asko dugu eskaintzeko eta, zehazki, bizitza politikoan beste balore eta indar batzuk jarri ditzakegu. Martxoaren 8an greba egin nuen nire irakasle-lanpostuan. Ama gisa, bi alabak, ni eta geroxeago bikotea elkartu ginen Eskoriatzako plazan Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldeak antolatutako giroan parte-hartzera eta disfrutatzera. Egun polita eta indartsua izan zen.

Eskuin muturrekoen gorakada… Ze iruditzen zaizu?

Hitz bakarrean, kezkagarria. Pertsonaia horien eta aldarrikatzen dituzten ideien gorakadak erakusten digu baloreen galera itzela; “ni”-a “gu”-aren gainetik dagoela. Horrek babesik gabe uzten ditu boterean ez daudenak, herritar xumeak eta, bide batez, eragiten ditu herritarren arteko enfrentamenduak, liskarrak, ezin-ulertuak… Zertarako? herritarren arteko batasuna eragozteko. Batasun horrek indarra emango liekeelako herritarrei eta indar horrek, kolokan jarri beraien berekoikerian oinarritutako gobernua. 

Zer egin beharko litzake Eskoriatza hobetzeko?

Eskoriatza hobetu nahi badugu ezinbestekoa izango dela, pentsatzen dugu, herri akordioak lortzea; guztiok erabaki eta guztion artean ardurak banatzea. Herritarren batzea izango da gure asmoa!

Hautagaia berria zara Eskoriatzan. Zein izango da zure helburua Eskoriatzako Udalean?

Herria, eta horretarako, herritarren arteko komunikazioa eta batasuna lantzea. Gatazken aurrean zubiak eraiki. Herritarrak izan daitezela protagonistak, ahal den neurrian, beraien eskuetan utzi erabakiak. Funtzionamendu berri bat: 11 zinegotzi herriaren alde eta herriaren aurrean lan egiten, guztion artean ardurak banatuz eta etorkizuneko erabakiak eskoriatzar guztien artean erabakiz, aurrera ateraz auzolanaren bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak