Lehenengo egunean, apirilaren 29an, Elkar ezagutzen: kultura musulman izeneko hitzaldia egingo du Hajar Samadik, 17:15ean.
Maiatzaren 2an, eguena, Liburutegi Eguna egingo dute. Izan ere, askotariko nazionalitateetako familiak daude eskolan; hori dela eta, goizean, gurasoak izango dira protagonista, eta euren hizkuntzetan ipuinak kontatuko dizkiete haurrei: urdueraz, errusieraz, eta abar – unean bertan itzuli egingo dute euskarara–. Gero, liburuak zozketatuko dituzte ikasleen artean. Arratsaldean, berriz, hizkuntzarekin lotutako jolasak egingo dituzte eskolan: asmakizunak, txisteak, aho-korapiloak eta bestelakoak. 17:15ean, hitzaldia egingo du Lydia Luque madrildarrak, Educando en la diversidad izenburupean, eta Mandala el koala liburua aurkeztuko du, bide batez.
Maiatzaren 3an, familien eguna izango da. Arratsaldean, ikasleek hainbat abesti kantatuko dituzte, eta eskolako komunitate osoa gonbidatu dute ekitaldiaz gozatzera. Abestiak, gainera, hainbat hizkuntzatan izango dira. Ondoren, taldeka, jolasak egingo dituzte –ikasleak, gurasoak eta irakasleak, gelaka–. Gero, guztiek elkarrekin, 45 hizkuntzatan den Thank you abestia kantatu eta dantzatuko dute. Eguna amaitzeko, Hezkuntza Astearen leloa, Hezkuntza jasangarria, hainbat hizkuntzatan jarriko dute patioan.