Santa Koloma hizpide izan dute auzotarrek

Imanol Beloki Unamuno 2019ko mar. 15a, 09:16
Gaztañadui auzoko Santa Koloma baseliza.

2017ko otsailean, Gaztañadui auzoko baselizan egokitzapen lanak egin zituzten, Baselizako ezkilaren oinarrizko zutabea sendotuta, baina baselizaren egoera txarrera doala sumatuz, erabaki bat hartzeko eskaera egin nahi diete auzotarrek instituzioei.

Pasa den zapatuan, Mazmela auzoko Basauria elkarteko kideek batzarra izan zuten, eta bertan tratatu behar zituzten gaiez gain, Santa Koloma baseliza ere izan zuten hizpide, auzotar batek gaia aterata. Baselizak duen egoera kaskarra azpimarratu zuen, eta, horren bueltan, instituzioek, udalak, diputazioak eta apezpikutzak erabaki bat hartu beharko dutela gaineratu zuen. Batetik, mezarik ez delako egiten bertan, erortzeko zorian dagoelako, eta, errepidera begira, arriskua ikusten duelako. Horrekin batera, auzoko parrokia Mazmelan dagoela adierazi zuen, eta baselizaren beharrik ez dutela esan. Horrekin bat egin zuten bertan batu zirenek, eta instituzioei erabaki bat hartzeko eskaera egingo dietela adierazi zuten.

Erabaki baten beharrean

Gaztañadui baserri ondoan dago Santa Koloma baseliza, Eskoriatzatik Leintz Gatzagara doan errepide alboan. Dokumentuen arabera, 1556an existitzen zen erreferentzia dago, eta, errepidera jausteko arriskua zegoelaeta, segurtasuna bermatzeko konponketa-lan batzuk egin zituzten 2017ko otsail inguruan. Baselizako ezkilaren oinarrizko zutabea sendotu egin zuten, arriskua gutxitzeko egur batzuk jarrita. Horrekin batera, teilatua barrura sartuta zegoen, eta, orduan ez bazegoen erabilgarri, orain ere ez. Izan ere, behinbehineko egokitzapen lan horiek egin zituztenetik, bere horretan jarraitzen du baselizak, eta teilatua geroz eta gehiago jausten ari dela adierazi du baseliza parean bizi den Luis Mari Iriartek: "Zerbait egin ezean, arriskua ikusten dugu auzotarrok. Egoera oso txarrean baitago baseliza, eta teilak errepidera ere jausi daitezke istripu bat gertaraziz. Bi urte pasa dira behin betiko egokitzapen lanak egin zituztenetik, baina eraikinaren egoera txarrera doa, eta, behin betiko segurtasuna bermatzeko, Apezpikutzak eta Diputazioak zerbait erabaki beharko dute: baseliza bota, konpondu… Auzotarrok argi daukagu, eta bat egiten dugu egoera honi irtenbidea eman behar zaiola. Izan ere, estetikoki itsusi egiteaz batera, segurtasun aldetik ere zerbait egin beharra dagoela uste dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak