Urte berean jaiotakoen festa

Imanol Beloki Unamuno 2019ko ots. 1a, 09:24

2001ean jaiotako kintoak talde argazkian.

2001ean jaiotakoak izango dira aurten Santa Ageda neska-mutilak. Aspaldian izan den parte hartzerik handiena izango da, 63 lagun animatu baitira; hala ere, motorrak berotzeko, Kinttaden Eguna izango dute aurretik, zapatu honetan.

Egun seinalatua da Kinttaden Eguna eskoriatzarrentzat. Urte berean jaiotako herritarrak batu, eguerdi partean poteoa egin, tabernetan edo elkarteetan bazkaldu, eta ostean, goizeko ordu txikiak arte parranda egiteko asmoz, Eingeinke elkarteak abiarazi zuen ekimena da; urtez urte indartzen joan da.

Aurtengoa zortzigarren edizioa izango da, eta zapatuan, otsailaren 2an, ospatuko da. "Eingeinke elkartetik abiarazi genuen ekimena, Santa Ageda neskamutilak festan irteten zirenean herrian giroa izan zezaten eta, bide batez, bere garaian, Santa Ageda neska-mutilak izan ginenak batzeko. Egitarau berezirik ez da izaten, bestalde, nahiz eta hainbat urtetan, iluntzean, kintada ezberdinetakoak plazan batu eta dantza egin ohi izan duten", adierazi du Mikel Letonak, Eingeinke elkarteko kideak.

Antolatzeko ezer ez egon arren, urtero, kintada bakoitzak bere bereizgarria eraman izan du Kinttaden Egunean: zapia, kamiseta, kapela, betaurrekoak eta gorbata, besteak beste, eta aurten ere hainbatek eramango dute.

Tabernetan leku barik

Kintada askok pasa den urtetik hartuta izaten dute bazkaltzeko lekua, baina badira asko azken unera arte itxaroten dutenak. Hala, berandu ibili direnek zailtasunak izango dituzte, eta beste herri batzuetara joan beharko dute bazkaltzera edo afaltzera. "Aldez aurretik zaila da zehaztea zenbat kintadak hartuko duten parte aurtengo festan, baina askok antolatzen dute bazkaria edo afaria egunerako. Lehenengo edizioak oso harrera ona izan zuen, eta halaxe izan da urtero. Adin askotarikoak batu eta egun polita igarotzeko festa denon egutegietan dago markatuta. Hala ere, aurtengo edizioa pasa arte itxaron beharko dugu arrakastatsua izan den edo ez den izan adierazteko", esan du Letonak.

Santa Ageda neska-mutilak, prest

Festa otsailaren 4an hasten da, Santa Ageda egunaren bezperan. Urte honetan 18 urte beteko dituzten gazteek, hau da, 2001ean jaiotakoek, herriko baserriak bisitatuko dituzte. Baserritar jantzita, Santa eskean koplak kantatuz joango dira elizate guztietako baserrietara.

Hurrengo eguna, Santa Ageda eguna, otsailaren 5a, herrian ospatuko dute, eta janzkera aldatu egingo dute: praka eta alkandora zuriak; alpargatak ere zuriak, baina zinta gorriekin; eta gerrikoa eta txapela, gorriak. Lepoan, berriz, koloredun zapi handia. Kintorik zaharrenak eta gazteenak, berriz, txapela eta gerriko beltza jantzita eramango dute. Egun horretan etxez etxe koplak kantatuz ibiliko dira Santa eskean, trikitiak edo soinuak lagunduta.

Aspaldian izan den parte hartzerik handiena izango da aurtengoa, gainera; izan ere, 63 lagun animatu dira. Dantza, berriz, bi egunetan egingo dute, herriko plazan: lehenengoa, Santa Ageda egunean –otsailak 5; aurten, martitzena–; eta bigarrena, hurrengo domekan, otsailaren 10ean, eta dantza-ekitaldia 19:00etan hasiko da.

Horretarako, hainbat astez aritu dira entseguak egiten Manuel Muñoz kiroldegian eta Joseba Iñurrategi pilotalekuan, Gadea Errasti eskoriatzarraren gidaritzapean; 2008an Elisabeth Gabilondorekin batera lehen aldiz banakoa gizonezkoekin batera dantzatu zuen dantzaria, hain zuzen.

Bertso berriak

Azkenengo urteetan, Jose Aranburuzabala Trankil-ek asmatutako hainbat bertso ikasi eta kantatu izan dituzte Santa Ageda neska-mutilek, baina aurten, berrikuntza moduan, moldaketa batzuk egin dizkiote Haizea eta Oihana Arana ahizpek.

Santa eskean aritzeko bi bertso berri eta bakarra agur moduan asmatu dituzte. "Erlijio kutsua alde batera utziz, eta gaur egunera egokituta, bertso berriak egin ditugu. Hala, gure kintadakoek gustuko badituzte, eta nahi izanez gero abestu nahi badituzte, kantatuko ditugu", adierazi du Oihana Arana aurtengo kintoak.

Santa eskean kantatzeko bertsoak

Usadioa galdu ez dadin
gure herri inguruan
Eskoriatzako kinto guztiok
gabiltza gogoz kantuan
hain egun seinalatuan
eskeko koplak ahuan
garai bateko arbaso zaharrek
egiten zuten moduan

Nola ez garen ahots on eta
txanpon gehiegiren jabe
jasoko dugun edozerekin
oso eskertuta gaude
emana gutxi bada be
laster eingo dugu alde
baina ez zazu aterik itxi
limosnarik eman gabe
Agurra
Egun guztia pasako dugu
kalez kale atez ate
beraz eskerrak eman ta laster
goaz hemendik aparte
borondatea ikusi eta
kejarik ez dugu bape
aurrerantzean ederto bizi
agur ta ikusi arte

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak