Gurasoengan euskararen erabilera areagotzeko ekimena martxan da

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urt. 21a, 11:41

Iratxe Arrese, Berbalagunak taldeko koordinatzailea, Gurasolagunak ekimeneko kartelarekin.

0 eta 12 urte artean dituzten haurren gurasoentzat sortu berri dute Gurasolagunak izeneko ekimena Berbalagunak egitasmoko kideek, eta dagoeneko eman daiteke izena. Helburua da euskara modu natural eta erosoan erabiltzea.

Urte berriarekin batera, Berbalagunak egitasmoko antolatzaileak guraso berbalagun talde bat sortu guran ari dira. Hori horrela, Gurasolagunak ekimena sortu dute, gurasoen artean euskararen erabilera areagotzeko. Urtarrilean hasiko da martxan eta bi modalitate izango ditu: batetik, A modalitatean, euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta ohiturarik ez dutenak batuko dira, euskaraz hitz egiteko; bestetik, B modalitatean, ahobizi izango diren gurasoak eta belarriprest izango diren gurasoak elkartuko dira. Elkarrizketak euskaraz edo ele bitan izango dira.

Ekimenaren funtzionamendua

0 eta 12 urte bitarteko haurren gurasoak batuko dira, eta guraso taldeak haurrekin batera elkartuko dira. Gurasoak, euren kabuz, haur barik batzeko aukera ere badago –haurrak aisialdiko ekintzetan dauden bitartean, esaterako–, astean ordubeteko saioak izango dira, elkartzeko eguna eta ordua norberak aukeratuko du eta horren araberako taldeak sortuko dira.

Ekimenaren helburua honako hau dela adierazi dute antolatzaileek: "Bi hizkuntza ofizial izateko zortea daukagu. Hizkuntza modu natural eta erosoan erabiltzea onuragarria da edozeinentzat, baita geure semealabentzat ere. Beraz, eurak hiztun oso izatea nahi badugu, gurasoon ardura da euren eredu izatea". Hori horrela, esperientziara batzera animatu nahi dituzte herritarrak: "Benetan animatzen zaituztegu egitasmo hauetan parte hartzera, orain arte Berbalagunak taldeetan parte hartzen dugunontzat oso esperientzia aberasgarria baita".

Izen-ematea, hainbat bidetatik

Izena emateko, 0 eta 12 urte bitarteko haurren gurasoei eskutitz bat bidaliko zaie, eta Eskoriatzan zehar kartelak jarriko dituzte. Hala, izena eman daiteke 661 74 63 76 telefono zenbakira deituta edo whatsapp-a bidalita edo berbalagunak@ gmail.com helbidera idatzita. Bide horiez gain, karteletan QR bat ere jarriko dute, formulario batera bideratuko duena.

Berbalagunak, astean hirutan

Berbalagunak egitasmoak hiru talde ditu, eta egun hauetan batzen dira: eguaztenetan, 19:00etatik 20:00etara; eguenetan 19:00etatik 20:30era, honako hau pintxo-pote taldea da; eta egubakoitzetan, 17:00etatik 18:00etara bitartean, kafe-tertulia taldea. Hala, talde horietan parte hartzekoa aukera ere badago, urte osoan zehar zabalik dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak