Herri akordioak hizpide hurrengo jardunaldietan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urt. 21a, 08:51

Eskoriatza EH Bilduk antolatutako herri bileraren lehen saioan.

2030ean, nolako Eskoriatza izan nahi dugu? lelopean hasitako jardunaldiek jarraipena izango dute urtarrilaren 26an izango den bigarren saioan. Oraingoan, Herri akordioak izenburupean, kultura etxean 10:00etan izango da herri-bilera.

Herritarren ekarpenak jasotzeko asmoz, EH Bilduk 2030ean, nolako Eskoriatza izan nahi dugu? lelopean herri-bilera antolatu zuen urte amaierarako. Bertan, lau puntu landu zituzten: hirigintza, herri integratzailea; herri bizia: kirola, kultura, euskara, hezkuntza; herri soziala, denona; eta garapen ekonomikoa, herri bizitza. Hala, jardunaldiei jarraipena emateko, Herri akordioak izeneko ekimena antolatu dute, bigarren saio modura. Jardunaldi hori urtarrilaren 26an izango da, 10:00etan hasi eta 12:15ak arte, kultura etxean. Hori horrela, EH Bilduk herritar guztiak parte hartzera gonbidatu nahi ditu.

Lehen saioko ekarpenak batuta

"Aurreko jardunaldian jasotako ekarpen guztiekin dokumentu bat osatu dugu, eta hurrengo jardunaldietan lan egiteko balioko digu. Balio eta interes handiko ekarpenak egin ziren eta espero dugu denak ondo jasoak egotea", adierazi du EH Bilduko Aitor Zubizarreta bozeramaileak. Hori horrela, urtarrilaren 26ko jardunaldiari begira, adierazi dute asmoa dela batutako ideia horiek bi norabidetan sakontzea: batetik, hurrengo lau urteetan zeintzuk izan behar diren egitasmo nagusiak; eta, bestetik, herri dinamikoa izateko, parte hartze eta erabakitzeko elkargune berria diseinatzea.

Ekarpen eta ideia ugari

"Lehenengo bileran, ideia ezberdinak izan genituen hizpide. Mugikortasun plan bat egitea, eta honekin batera, irisgarritasun plan bat eratzea. Hala, brigada osatuagoa sortzearen ideia ere atera zen, herrian dauden behar guztiak asetzeko, zerbait batuagoa sortuz. Eskoriatza Lagunkoia ere izan genuen hizpide; izan ere, pentsionistekin batera elkarlana ezinbestekoa dela uste dugu, hezkuntza foroa berraktibatzeaz aritu ginen, kultur-mahaia berreskuratzeaz, gazteen egoera prekarioaren diagnosia egiteaz, eta honekin batera, plan bat sortzea… halakoez hitz egin genuen. Ideiak dira, eta hauek herritarrei transmitituko diegu. Orain, bigarren saioan, behar gehien dutenak lehenetsiko ditugu", adierazi du Zubizarretak.

Informatzeko bidea

Antolatzaileek adierazi dute edozein zalantza edo argibide jaso gura dituenak eta urtarrilaren 26ko jardunaldira joan ezin duenak ekarpenak egin ditzakeela. Horretarako, eskoriatza@ehbildu.eus helbidera idatzi dezakete herritarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak