Rafa Bernal: "Etorkizunari begirako hausnarketa da bidea"

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urt. 11a, 12:19

Rafa Bernal, Eskoriatza Irabazi taldeko bozeramailea.

Gaur egungo eredu kapitalista ongizate estatua desegiten ari dela adierazi du Rafa Bernal Irabazi Eskoriatzako bozeramaileak, eta Udal Gobernuak ez duela ezer egin horren aurrean.

Irabazi Eskoriatza alderdia zinegotzi bakarrarekin izan da lanean agintaldi honetan. Ekarpen ezberdinak egin dituzten arren, Udal Gobernuaren konpromiso falta adierazi du, besteak beste.

Agintaldia amaitzen ari da. Zein balorazio egiten duzu? 

Nire ustez, beste lau urte galdu ditugu. Agintaldia krisi ekonomiko, sozial eta ingurumen arazo handi batetik zetorren. Gaur egun, egoera berean gaude, edo txarragoan. Aldaketa klimatikoa denok nabaritzen dugun errealitate bat da, krisi soziala ere agerikoa da, eta partidu xenofoboen aurrerakada geraezina da. Gaur egungo eredu kapitalista ongizate estatua desegiten ari da. Horren aurrean, zer egin du Udal Gobernuak? Nire ustez, ezer ez. Mahai gainean dauden ideia gutxiak oposizioaren aldetik sortuak izan dira.

Zein ekarpen egin du Irabazi Eskoriatzak agintaldi honetan?

Gehiengo osoa duen Gobernu baten aurrean, zinegotzi bakarrarekin, ekarpen eta proposamen ezberdinak egin ditugu. Batzuek aurrera egin dute; beste batzuk, ez. Arazoa ekarpen batek aurrera egin eta Udal Gobernuaren partetik konpromisorik ez dagoenean gertatzen da. Hainbat ekarpen ez dira, sikiera, botatuak izan; mugikortasun jasangarriaren inguruko mahai bat sortzearena, esaterako, edo zarataren babes ordenantza. Horrekin batera, zaila da bizitza profesionala eta pertsonala politikarekin uztartzea.

Datorren agintaldiari begira, zein hobekuntza egin nahi dituzue?

Gure eragiteko gaitasunaren araberakoa izango da hori. Uste dut denok hautematen dugula gauza batzuk ez doazela joan behar diren moduan, eta, horren bueltan, aldaketa eta eboluzioa bilatu behar dugu. Egoera horren aurrean, herritarrak ardatz diren proiektu batean lan eginaz lortzen da, gaur egungo eredua ez den bezala, errentagarritasun ekonomikoa protagonista izanda; hau da, dirua. Horregatik, bizitzako arlo guztietan egingo dugu lan, elkartasun eta tolerantzia kulturaletik abiatuz, garapen jasangarrira bidean, pertsonen ongizatetik pasata.

Aurrekontuen gaineko zein iritzi duzu?

Proiektu bat epe motzerakoa denean, aurrekontuek bide bera jarraitzen dute. Ohiko gastuak betetzean oinarritzen dira, eta, beste aldetik, agertokia apaintzean, hau da, obra eta erreformetan. Behin eta berriz esan digu Udal Gobernuak erabilgarri dugun dirua urria dela, baina aurrekontu guztietan dago nahikoa diru Elizateek eskatutakoa betetzeko eta EAJren kanpora begirako obrak gauzatzeko. Zer aldatuko genuke guk aurrekontuei begira? Proiektu sozialetan eta garapen iraunkorrean gehiago inbertitu behar da. Guztiok nahi dugun etorkizunaren gaineko hausnarketa egin beharra dago eta datozen belaunaldiei begiratu, zer eta nola egin pentsatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak