Ongietorria Olentzerori eta Mari Domingiri

Imanol Beloki Unamuno 2018ko abe. 21a, 09:14
Iaz, Olentzerori eta Mari Domingiri haur askok egin zieten harrera Eskoriatzara iritsi zirenean.

Apotzaga auzoan behera iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi Eskoriatzara. Hori arratsaldean izango da, 18:00etan, baina eguerdian, 12:00etan, laguntzaileak izango dira Fernando Eskoriatza plazan haurren eskutitzak jasotzeko.

Traktorean jaitsiko dira aurten ere Olentzero eta Mari Domingi Apotzaga auzotik herrira. Hala, urtero moduan, haurrek urtean zehar zein ondo portatu diren esango diete eguneko protagonistei, eskatutako opariak ekartzeko. Adierazi dute, baina, kopuru jakin batetik gorako eskaerak ez dituztela onartuko. Hori 18:00etan izango da, eta, Intxaurtxueta auzoan elkartu ostean, kalez kale ibiliko dira Olentzero eta Mari Domingi, haurrekin batera. Etorrera girotzeko, bestalde, Gabon kantak abestuko dituzte bertan batzen diren hainbat herritarrek. Behin Olentzero eta Mari Domingi Apotzagan behera herrira heltzen direnean, honako ibilbide hau egingo dute herrian zehar: Intxaurtxueta, Gaztañadui, Olazar, Dorleta, Aranburuzabala, Arana, eta Fernando Eskoriatza plazan bukatuko dute. Herrian zehar ari direla, gozokiak emango dizkiete haiek ikustera gerturatzen diren herritarrei, ume, gazte zein nagusi, eta, era berean, haurrekin egoteko geldiuneak ere egingo dituzte, Fernando Eskoriatza plazara heldu aurretik.

Behin plazara helduta, behar adinako denbora hartuko dute, biek ala biek, euren ondora hurbildu eta altzoan jartzen diren ume guztiekin argazkiak ateratzeko.

Egitarau zabala egun osoan

Olentzero eta Mari Domingi arratsaldean helduko dira Eskoriatzara, baina egun osorako beste hainbat ekintza ere antolatu ditu Udalak, hilaren 24rako. 12:00etatik 13:00ak bitartean, Olentzeroren laguntzaileak egongo dira plazan haurren eskutitzak jasotzen, eta bien bitartean, Gabon kantak abestuko dituzte herritarrek. 13:00etan, aldiz, kalejira izango da, trikiti eskolako ikasleek eskainita, eta 17:30ean, urtero moduan, Gabon kantak abestera joango dira Jose Arana zaharren egoitzara.

Ekialdeko magoak

Urtarrilaren 5ean, Estalpe baten bila Errege magoen bisita antzeztua izango da Joseba Iñurrategi frontoian, 19:00etan. Azken urteotako desfileetan, antzezpen txiki bat egin izan dute zaharren egoitza parean, eta aurten, hori indartzeko, eszenografia ederra eta antzezpen landuagoa prestatu dute frontoian egiteko. Amaitzean, urtero moduan, ekialdeko magoek haurren gutunak jasoko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak