Gabonetako parkerako begiraleak behar dituzte

Imanol Beloki Unamuno 2018ko abe. 13a, 12:13

Begiralea, haurra margotzen.

Abenduaren 27an eta 28an haurrentzako Gabonetako jolas-parkea izango da kiroldegiko kantxan. Bertan, eskulanak, puzgarriak, eta abar izango dituzte haurrek. Abenduaren 26an, berriz, igerilekuan puzgarriak jarriko dituzte.

Urteroko ohiturari jarraituz, aisialdirako aukera zabala izango da abenduaren 27an eta 28an Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegian egingo den Gabonetako parkean. Adinaren araberako hainbat gune izango dira, eta aukera ezberdinak izango dituzte haurrek bertan disfrutatzeko. Ordutegia, berriz, 11:00tik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara izango da. Hori horrela, begiraleak behar dituzte bertan lan egiteko, eta Udalak deialdi zabala ireki du, bertan lan egin nahi duen ororentzat.

Begiraleen eginbeharrak honako hauek izango dira: eskulan tailerrak antolatu, puzgarrietarako txandak eta zainketa antolatu, sarrerak saldu eta parkea garbi mantentzeaz arduratzea, besteak beste.

Begirale izateko

Begirale izan nahi duen gazte orok curriculuma bidali dezake gazteria@eskoriatza.eus helbidera, edo Eskoriatzako kultura etxera joan beharko du. Horrez gain, informazio gehiago nahi duenak kultura etxera deitu dezake, 943 71 46 88 telefono zenbakira. Curriculuma entregatzeko azken eguna abenduaren 19a izango da. Hainbat baldintza bete beharko dituzte bertan lan egiten dutenek, eta lehentasuna Eskoriatzako gazteek izango dute. Hori horrela, ezinbestekoa izango da euskaraz hitz egiten ondo jakitea eta baita 18 urte beteak izatea. Titulu ezberdinak eta lan esperientzia izatea ere baloratuko dira puntuazio sistema bidez; horiek Eskoriatza.eus webgunean kontsultatu daitezke.

Betikoak eta jolas berriak

Plastikozko koloretako pieza txikiekin egindako irudiak, puzgarriak, aurpegia margotzeko tailerra, ohe elastikoak, kontsola ezberdinekin jokatzeko bideojokoak, ping-ponga, mahai futbola… izango dira bertan.

Orotara, hamahiru begirale egongo dira lanean Gabonetako parkean, eta, ohikoa den moduan, abenduaren 26an igerilekuan puzgarriak egongo dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak