Euskaraldiak bere hamaika egunak hasi zituen pasa den egubakoitzean, eta hainbat herritar batu dira egitasmora. Izan ere, 845 pertsonak eman dute izena: 545 ahobizi-k eta 300 belarriprestek, hain zuzen.
Bihar, Euskaraldiaren Herri Eguna antolatzea erabaki du Euskaraldia Batzordeak. Honako da egitaraua: goizean, taloak jateko eta euskal dantzez gozatzeko aukera izango da. Ondoren, herritarrek Euskaraldian bizitakoak kontatzeko aukera izango dute kamera aurrean. Ostean, kantu bazkaria izango da kiroldegian. Salda beroa, txistorra eta kantu liburua banatuko dituzte; beraz, beharrezkoa da txartelak hartzea. Txartelak 12 urtetik gorakoek hartu beharko dituzte eta prezioa 3 euro da. Eta, amaitzeko, Tio Teronen Semeak taldeak Festamentua ikuskizuna eskainiko du plazan.
Hasiera ekitaldia, bikain
Euskaraldiari hasiera emateko, udaletxeko balkoian, Itsaso Villar Euskaraldiko batzordekideak eta Beñat Illarramendi eta Inma Murillo hamaikakoaren ordezkariek eman zioten hasiera egitasmoari. Haiekin batera, izena eman duten herritar guztien ordezkari Mari Paz Akizu herriko parte-hartzaile nagusienetakoa eta Galder Isasmendi gazteenetakoa batu ziren. Bertsotan, berriz, Oihana Arana eta Asier Galartza aritu ziren, balkoitik balkoira.
Itxiera eguna, abenduaren 3an
Datorren astelehenean, 17:00etan, buruhandiak irtengo dira kultura etxetik Eskoriatzako kaleetara. 17:30ean, txokolatea hartzeko aukera izango dute herritarrek –nork bere edalontzia eraman beharko du–, eta, Kontzejupean, Euskaraldiaren bizipenak, aulki baten gainean bideo emanaldia eta hamaikakoari agurra egingo dute.
Zapaturako egitarua
Fernando Eskoriatza plazan
• 12:30 Taloak.
• 13:00 Euskal dantza herrikoiak.
• 13:30 Euskaraldiaren bizipenak, aulki baten gainean bideo grabazioa egingo dute Euskaraldiko batzordeko kideek.
• 19:00 Tio Teronen Semeak taldearen Festamentua ikuskizun berria.
Manuel Muñoz kiroldegian
• 14:30 Kantu bazkaria: Zuk ekarri, zuk jan. Eguraldi ona egiten badu kantu bazkaria plazan egingo da.