Zibereskubideen zeharkako lanketa

Imanol Beloki Unamuno 2018ko aza. 16a, 10:56
Txanogorritxoren ipuina eta sare sozialak nahasten dituen film laburra. YOUTUBE

Eskoriatzako gaztelekuko nerabeek sare sozialen erabilera egokia egin dezaten, hainbat film labur ikusiko dituzte zapatuan, 17:30etik aurrera. Interneten dituzten jarrerak, eskubideak, sentsazioak, eta abar aztertuko dituzte, era informalean.

Azaroaren 20an, martitzenean, Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna denez, asteburu honi begira, zibereskubideen gainean hainbat ekintza antolatu dituzte Eskoriatzako gaztelekuan.

2015ean Eusko jaurlaritzak egindako gida pedagogiko bat dago DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleei gomendatuta. Gida hori eta Aretxabaletako Udalak martxan jarri berri duen Like! Zibereskubideak! egitasmoa aztertuta, lanketa xume bat egitea erabaki dute gaztelekuko hezitzaileek.

Film laburren proiekzioa

Nerabeei sare sozialen erabileraren gainean pentsarazteko, hainbat film labur ikusiko dituzte zapatuan, 17:30ean hasita. Sare sozialen prebentzioa, adingabeen babesa sare sozial eta txatetan, Facebookera edo Instagramera edozer publikatu aurretik pentsaraztea, zibererasoak, pribatutasuna Interneten… Askotariko gaiak jorratzen dituzten zortzi film labur ikusiko dituzte.

Proiekzioen ostean, gaztelekuko erabiltzaileek bizi izandako adibideak, izan dituzten sentsazioak… izango dituzte hizpide, era informalean. Hauxe adierazi du Iratxe Arretsek, Eskoriatzako gaztelekuko hezitzaileak: "Era informalean, luntx baten bueltan ikus-entzunezkoak aztertu eta bertan ikusi ditugunak izango ditugu hizpide. Norbanako bakoitzak, nahi izanez gero, berari gertatutakoak, sare sozialetan zerbait publikatu eta izan dituen iruzkinekin sortu zaizkion sentsazioen, eta abarren gainean hitz egingo dugu. Hain zuzen ere, aurrera begira, sare sozialen gainean kontzientzia hartzeko eta erabilera egokia egin dezaten".

Horrekin batera, adingabeek edo adinez nagusiek dituzten zibereskubideak zeintzuk diren aztertuko dute, eta betetzen dituzten edo ez ikusi.

Sareko hamar portaera egokiak

Hamar portaera izango dituzte hizpide: errespetua, askatasuna, nire bizi kalitatea hobetzen, identitatea, adingabeak babesten ditut, segurtasuna, legezkoa, erantzukizuna eta legez kontrako ekintzak. Hala, Zibereskubideak kanpainako bost eskubideak aztertuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak