Trafikoa baretzeko eta segurtasuna bermatzeko lanak egingo dituzte Torrebaso industriagunean

Imanol Beloki Unamuno 2018ko urr. 31a, 08:00

Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren diputatua eta Eskoriatzako Joserra Zubizarreta alkatea martitzenean batu ziren azken hilabeteetan herrian egin diren eta egingo dituzten lanen gainean hitz egiteko. Besteak beste, Lete eta kanposantura bidean dauden lanak lizitaziora aterata, laster hasi, eta lanak otsailerako amaituta egotea aurreikusten dutela izan zuten berbagai. Horrez gain, trafikoa baretzeko lan dezente egingo dituzte Fagor Ederlan parean.

Bolibar erreka kanalizatzen duen hodia apirilean puskatu ondoren, emergentziazko jardunaldia egin zen GI-627 errepidea berriz trafikora zabaltzeko. Bi hilabete iraun zuten obrek, eta 800.000 euro inguruko kostua izan zuten. Dena den, puskatutako hodiak Lete auzora edo hilerrira doan bidea ere moztu zuen, eta Eraña auzotik pasoa dagoen arren, laster hasiko dituzte lanak: "Jendeak ez du ulertzen obra dena zergatik ez den batera egiten, eta hori azaldu nahiko nuke. Emergentziazko obra egiten dugu, nahitaez, momentu horretan aktuazioa egin behar denean gauza handiagorik gerta ez dadin. Gero, emergentziakoa ez dena. Horrela markatzen dute lege, administrazio kontu eta normatibek. Proiektua egin beharra dago, eta lehiaketa egin beharra dago. Emergentzian sartzen zena eginda dago, baina orain beste zatia falta da, Letera doan bidea, alegia…", adierazi du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren diputatuak.

Horrekin batera, iluna den eremu horretan, argiztapena jarriko da. Lete auzorako lanek, 150.000 euroko kostua izango dute.

Eskoriatzako saihesbideko lanak amaitzen

Horrekin batera, Eskoriatzako Udala eta Aldundia, batera, elkarlanean aritu direla azpimarratu zuen Joserra Zubizarreta alkateak: "Aurretik ezin izan ditugu lanak egin, eta Leteko auzotarrek izandako premiak bideratzen,  elkarlanean aritu gara Udala eta Aldundia. Udalak ez du pausorik eman Diputazioarekin kontrastatu gabe, eta alderantziz. Beraz, poztekoa da otsaileko data hau".

Kanposantura igotzeko hesiak jarrita

Domu Santu egunera begira, kanposantura oinez joateko eskaera ere egin zuen Joserra Zubizarreta alkateak. "Domu santu egunera begira, hilerrietara joateko ohitura dago eta Olazarretik gora hesia jarri dugu oinezkoentzat pasoa errazteko. Autoan joan behar denak, Eraña auzotik bueltan joan beharko du, baina ahal baldin badute oinez igotzeko eskaera egin nahi diegu herritarrei".

Hilerrira bidean, hesia jarri dute oinezkoendako.

Lanak bidegorrian

Negu eta udaberriko euriteek kalte gehiago ere eragin zuten Aretxabaleta eta Eskoriatza arteko bidegorrian. Izan ere, lurjausia izan zen martxoaren 27an, eta bidegorria erabat itxi zen. Han ere emergentziazko lanak egin zituzten, baina orain, bigarren jardun bat egingo da, ezponda guztia estabilizatu eta sare eta buloiez josteko. "Eskoriatzako zubitik ortuetarainoko –kanposantu azpira arte– zati guztian egingo dira lanak. Jardunek 500.000 euroko aurrekontua dute eta maiatzerako amaitzea aurreikusten dute", adierazi zuen Aintzane Oiarbidek.

Fagor Ederlan pareko lanak

Honekin batera, Aldundiak egingo duen oinezkoentzako proiektua aurkeztu zuen. "Torrebaso industriagunea, Arizmendi ikastola eta Fagor Ederlan enpresako ikasle eta langileek garraio publikoa erabiltzeko aukera izan dezaten, noranzko bakoitzean autobus geltoki bat egingo da, eta trafikoa baretzeko eta segurtasuna bermatzeko, uhartetxoak eta semaforoa jarriko da", adierazi zuen Oiarbidek.

Jardun honek, 158.000 euroko aurrekontua eta zortzi asteko epea izango du. Obra adjudikazio fasean dago, eta urte bukaerarako bukatuta izatea aurreikusten da.

Beste hainbat lan

Lan hauez gain, beste bi ere izan zituzten hizpide Oiarbidek: "Arlabanen lanak egiten ari gara. Lur-jausi txiki bat izan zen, eta hiru aste inguruko lanak izango dira bertan. Bestalde,  Apotzaga parera autopistatik erortzen ziren urak arazo batzuk sortzen zituzten, eta lan horiek ere egin ditu Bidegik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak