Ikasturtea hasi berri, Jesus Urrutiak ibilbide berriari ekin dio, eta dagoeneko hasi da bandarekin lanean.
Nolakoa izan da Eskoriatzako bandako zuzendari berriaren ibilbidea gaur arte?
13 urte nituela hasi nintzen Eskoriatzako bandan musikari, Angel Bañaresen gidaritzapean. Bonbardinoa jotzen nuen. Gasteizen egin nituen ikasketak, eta beste hainbat ikastaro… Gero, urte askoan aritu ostean, 2017an, Errioxara joan nintzen bizi izatera, Harora. Hala, bertan, koruko eta San Asentzio bandako zuzendaria naiz gaur egun, eta orain, Eskoriatzakoa. Oso pozik hartu nuen Eskoriatzako banda zuzentzeko eskaintza, ohorea da; izan ere, denok ezagutzen dugu elkar, eta, niretzako, erronka berri bat da.
Nola ikusten duzu Eskoriatzako banda?
Taldea ongi estrukturatuta dago, banda osatzen duten 30 musikariekin. Talde gaztea da, eta oinarrizko instrumentuz osatuta dago. Geroz eta instrumentu gehiago izatea beti da ongietorria, baina halako herri txiki batean oso zaila da hori lortzea, ez dago gehiagoren beharrik. Hala ere, musika eskolan gazte asko daude instrumentu ezberdinak ikasten, eta gero, bandarako saltoa egingo dute hainbatek, seguruenik. Gainera, gogotsu ikusten ditut, eta ni ere halaxe nago. Beti ikasteko prest egon behar du musikariak, eta hori da garrantzitsuena. Musikaria ezin da geldirik egon; konposatzen, aldaketak egiten, leku ezberdinetara mugitzen, musikariak ezagutzen… egon behar duela uste dut nik.
Bandarako helburu berriekin zatoz?
Ez, ez da aldaketa handirik izango. Zuzendari bakoitzak bere gustuak ditu, eta errepertorio modernoak gustatzen zaizkit niri, gaur egungoak direnak. Uste dut musikarientzat interesgarriak direla, eta baita entzuleentzat ere. Hala ere, ez ditut klasikoak baztertzen, eta horiek ere atsegin ditut. Konposaketa berri batzuk egiten ari naiz Eskoriatzako bandarako, eta poliki-poliki ikusiko dugu norantz goazen. Hemen, gainera, lagunak ditut, eta egubakoitzetan izaten ditugu bandako entseguak. Bestalde, Harotik Eskoriatzarako distantzia ez da hain handia, eta pozarren etortzen naiz. Beti da atsegina aspaldiko lagunak zutaz gogoratzea.
Eskoriatzako banda zuzentzeaz gain, Errioxan ere beste hainbat proiektutan, ezta?
Bai, San Asentzio bandako zuzendaria naiz, eta baita korukoa ere. Asko bidaiatzen dugu batetik bestera. Egun-pasak egiten ditugu; hiru edo lau eguneko irteerak egitea zailagoa da, baina uste dut oso aberasgarria dela. Ni, eskoriatzarra izanda, ilusioz etorri naiz hona, eta horretan ere egingo dugu ahalegina. Hau da, Eskoriatzatik inguruko herrietara irteera gehiago egin, beste banda batzuekin elkartu…
Batetik bestera aritzeaz gain, hainbat topaketa ere egin dituzue, ezta?
Hala da. Aurten, hirugarren urtez batuko gara Asentzioko, Eskoriatzako eta Urduñako bandok, Azaroaren 17an, Urduñan, eta, kasu honetan, Angel Bañares joango da Eskoriatzakoa zuzentzen eta ni, berriz, Asentziokoa. Horrez gain, azaroaren 23an, Santa Zezilia egunaren harira, bandaren urteroko emanaldia izango dugu Eskoriatzan, eta batuta aldaketa edo zuzendari aldaketa ofiziala egingo dugu, Angelek bere aitortza izan dezan herritarren aurrean.