Hasi dira Auzoko eta Berbalagunak ekimenak

Imanol Beloki Unamuno 2018ko urr. 10a, 16:06

Auzoko egitasmoko partaideak, pasa den astean, Fernando Eskoriatza plazan ateratako argazkian.

Euskaraldia ekimena aprobetxatuz, Eskoriatzako Berbalagunak taldeak 'ahobizi' eta 'belarriprest' figurak izango dituen talde misto bat sortu nahi du. Horrez gain, koordinatzaile berria izango du: Iratxe Arrese eskoriatzarra, hain zuzen ere.

Euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi dutenak biltzeko programaren barruan, Auzoko eta Berbalagunak egitasmoak daude. Euskara hobetzeko, gehiago erabiltzeko, euskaraz bizi izateko eta ingurune euskalduna sortzeko tresnak direnak, hain zuzen ere.

Jende guztiarentzat da Auzoko, eta euskaraz dakitenek –auzotarrak– eta ez dakitenek –auzokideak– hartu dezakete parte. "Herrira datorren jende berriari harrera egiten diogu, euskara ardatz hartuta. Baina horretarako auzotarrak ere behar ditugu, eskoriatzarrak eta euskaraz mintzo direnak. Denon artean euskaraz harrera ona egiteko. Dagoeneko talde bat dugu, eta giro informalean batzen gara, martitzenetan, 10:45ean, kultura etxean", adierazi du Iratxe Arrese koordinatzaileak; parte hartzeko eta informazio gehiago jasotzeko, 661 74 63 76 zenbakira whatsapp bat bidalita.

Berbalagunak egitasmoa, bestalde, eguenetako pintxo-potean jarri dute martxan aurten. Hala ere, beste ordu eta egun batzuetan ere egoten dira berbalagun taldeak. Euskara praktikatu nahi dutenentzat eta euskaraz normaltasunez bizi direnen artean norberaren gustuko ekintzak egiteko ekimena da.

Aurtengo berrikuntzak

Eskoriatzako Berbalagunak taldeak, aurten, Euskaraldiaren olatua aprobetxatu nahi du eta ahobizi eta belarriprest figurak izango dituen talde misto bat sortu nahi du. Euskara ulertu bai baina hitz egiten ausartzen ez diren belarriprest-ek aukera izango dute astean behin ahobizi diren beste batzuekin elkartu eta eurei euskaraz hitz egiten entzuteko.

Izena emateko aukera asko daude: kultura etxera joanda, berbalagunak@gmail.com helbidera idatzita, 636 78 59 71 telefono zenbakira deituta eta 661 74 63 76 zenbakira whatsapp bat bidalita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak