Feminismoarekin kezkatuta dauden Eskoriatzako emakume batzuek kafe-tertulia irekia antolatu zuten pasa den domekarako, irailaren 30erako, kultura etxean. Adin guztietako emakumeei eta gizonezkoei zuzendutako ekintza izan zen, eta, hala, antolatzaileak pozik geratu dira egitasmoak eman zuenarekin.
Helburua zen feminismoaren gainean hitz egitea, iritzi ezberdinak partekatzea eta informazioa helaraztea, kafea edo tea hartuz eta pasta batzuk janez. "Oinarrizko helburua zen genero desberdintasunei buruz inguru atseginean hitz egitea, eta helburua bete genuen; izan ere, parte-hartzaileak gustura irten ziren bertatik. Beste helburuetako bat zen genero ezberdintasunaren gaia Eskoriatzan nola ikusten den jakitea, eta horretaz ere mintzatu ginen", adierazi dute antolatzaileek.
Balorazio positiboa
Guztira, 20 pertsona batu ziren tertulian; horien artean, bi gizon, adingabe bat eta 60 urte inguruko beste bi pertsona. "Halako deialdietan ematen du jende gehiagok hartuko duela parte, baina pozik gaude ekimenak eman zuenarekin eta gerturatu zirenekin. Guztiok hartu genuen parte, eta, hain zuzen, ondorioak atera izan genituen; hori horrela, bertara etorri zirenei eskerrak eman nahi dizkiegu".
Tertulian egindakoak
Hitz egin behar zutenaren gaineko azalpen orokorra eskaini zuten. Feminismoaren kontzeptua aztertu zuten eta genero ikuspegi kulturalik ez dagoela jabetu ziren. Erasoak sexistak jasaten dituztenen biktimizazioa izan zuten hizpide, besteak beste.