Zergatik jai hau?
Euskal Eskola Publikoak gure eskualdean egiten duen lana balioan jartzeko. Hemen, eskola publikoaren matrikulazio kopurua txikiagoa da beste eskualde batzuetan baino. Hori horrela, eskualdeko gurasoen elkarteok, Baikararekin batera, egoki ikusi dugu jaia antolatzea, alde batera utzi barik ekainaren 2an Errenterian, Makina bat taupada lelopean, ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren jaia.
Zergatik Eskoriatzan?
Eskoriatzan ikasleen %30 matrikulatzen dira eskola publikoan. Beste inon baino nabarmen gutxiago.
Jaiaz gain, aldarrikapen eguna ere izango da?
Kaleko errealitatea aintzat hartuz heztea nahi dugu, ezelako bazterketarik gabe: izan arraza, genero edota ezgaitasun. Era berean, euskararen alde eskola publikoak egiten duen lana balioan jarri nahi dugu. Gizartea euskalduntzen duen eskola gara; izan ere, inguruneagatik edo jatorriagatik, euskaratik urrun dauden haur gehien eskolaratzen dituen hezkuntza eredua da Euskal Eskola Publikoarena.
Kolokan ikusten duzue euskarazko eta kalitatezko eskola publiko doanekoaren iraupena?
Eskoriatzan bai. Herri txikia da gurea, jaiotza-tasa murrizten doa eta, ondorioz, ikasle kopurua ere gero eta txikiagoa da. Eta bi ikastetxe daude. Hortaz, zera galdetu beharko genioke geure buruari: zein hezkuntza eredu nahi dugu? Guk argi daukagu: hezkuntza sistema publiko, euskaldun eta kalitatezkoa. Arlo guztietatik eredu honen alde apustu egitea nahi dugu.
Zeintzuk dira Euskal Eskola Publikoaren zailtasun handienak eta erronka nagusiak?
Gure erronka da gure seme-alaben hezkuntzaren alde herritik eta herriaren alde lanean segitzea. Guretako oztoporik nagusia izan liteke erakundeek ez apustu egitea hezkuntza publikoaren alde.
Egun osoko egitaraua prest duzue. Zer nabarmenduko zenuke?
Ze Mays taldearen emanaldia nabarmenduko nuke, baina beste hainbat ekitaldik ere piztuko dute jendearen arreta. Denetik izango da urriko hirugarren zapatuan. Jai eta aldarrikapen egun polita izango da.