Hain zuzen ere, 9 urtetik gorako edozeinentzat dira eskolak, bertako irakasle diren Oihana eta Haizea Arana bertsolarien gidaritzapean. Taldeak antolatzeko, egunak eta ordutegiak, ikasleen eta irakasleen artean adostuko dituzte. Horrenbestez, interesa duen edonork eman dezake izena bertso-eskolan, eta, ondoren, taldearen ezaugarrien arabera antolatuko dituzte saioak.
Bertsoak baino gehiago
2013an sortu zen Eskoriatzako Hankamotx bertso-eskola, eta urtero osatu ahal izan dute taldea. Bertsotan egiten ikasteko lekua da, baina hori baino gehiago ere bada: gaitasun ugari trebatu eta hitzarekin gozatzeko aukera eskaintzen du, argudioak lantzen ikasten da, esan beharrekoa antolatzen, neurri zehatzean sartzen, doinuari egokitzen eta, gainera, jendarte interesgarria ezagutzeko eta euskaraz bizi eta harekin jolasteko aukera eskaintzen du.
9 urtetik gorakoentzat
Nagusien taldeak eman zituen lehenengo pausoak Eskoriatzan, baina, azken urteotan, gaztetxoen taldea bakarrik izan da. Iaz, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako talde bat –11 eta 12 urtekoak– eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako –13 eta 14 urte bitartekoak– beste talde bat izan ziren, eta aurten ere dinamika bera jarraitu nahi dute. Honela adierazi du Haizea Arana irakasleak: "Laugarren mailan hasten dira bertsolaritza lantzen ikastolan, eta horregatik ezarri dugu 9 urtetik gorakoei zuzenduta egongo direla eskolak. Iaz moduan, adin horien bueltako taldeak sortzea aurreikusten dugu, baina helduen taldea ere irtenez gero egingo genuke aurrera… Orain arte, gustura izan ditugu ikasleak, eta, beraz, gonbidapena egiten diegu herritarrei Hankamotx bertso-eskolan izena eman eta ezagutarazteko".
Aurtengo helburuak
Hankamotx bertso-eskolaren helburua ez da bertsoak egiten ikastea bakarrik; bertara doazenei beste hainbat balio helaraziko dizkietela adierazi du Haizea Aranak: "Bertsolaritzara gerturatu nahi dugu jendea. Norbanako bakoitzaren helburuak betetzeaz gain, talde lanean jardutea eta, bereziki, ondo pasatzea eta sormena lantzea izango litzateke helburu nagusia".
Hitzordu finkoak
Taldea osatu barik eta egutegia oraindik finkatu barik duten arren, urteroko hitzorduak egingo dituzte: kurtso hasierako jaialdia urriaren 26an izango da; ikasturtean zehar, berriz, bailara mailako bertso-merienda egingo dute. Urtero bertsoeskola ezberdin batek antolatzen du, eta mokadutxo bat janez bertso-saioa eskaintzen dute ikasleek eta irakasleek. Horrez gain, ikasturtean zehar bertsoeskolan izan diren ikasleek urte amaierako jaialdia eskainiko dute.
Izen-ematea eta informazioa
Bertso-eskolaren gaineko informazio gehiago nahi duenak edo izena eman nahi duenak hankamotx@gmail.com helbidera idatzi edo Eskoriatzako kultura etxera 943 71 46 88 telefonora deitu dezake.