Dena prest Atxorrotxeko gazteluaren festarako

Imanol Beloki Unamuno 2018ko ira. 12a, 11:39

Bizardunak taldea, 2010ean kontzertua eskaintzen, Atxorrotxen.

Atxorrotx Kultura Elkartearen Errekan Gora jaialdiaren barruan antolatutako azken hitzordua izango da zapatuan. Atxorrotxeko gazteluaren festa egiten den hirugarren aldia izango da, eta aurten egitarau sendoa osatu dute antolatzaileek.

Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatutako Errekan Gora musika jaialdiaren hamaikagarren edizioa ixteko, Atxorrotxeko gazteluaren festa izango da zapatu honetan, Atxorrotxen. Festa hori egiten den hirugarren aldia izango da aurtengoa; hain zuzen ere, zortzi urteren ostean egingo da berriz.

2010ean, Bizardunak talde nafarraren emanaldia izan zen Atxorrotxeko zelaian. Baita trikitilariak eta bertsolariak ere, eta zapatu honetarako, berriz, egitarau zabalagoa eta orotariko ekintzak prestatu dituzte. Hala, helburu honekin antolatu dutela adierazi du Juan Luis Zubizarretak, Atxorrotx Kultura Elkarteko lehendakariak: "Egitasmo honetan, Atxorrotx elkarteko gizon eta emakumeak elkartu nahi ditugu, eta guztiekin jai-giroan konpartitu. Panaman edo Eskoriatzan bide honetan geratu diren lagunen irakaspenak gogoratuz. Baita gurekin oraindik ez daudenak, behingoz etxera ekarri behar ditugunak. Eta baita gure etorkizuna eraikiko duten belaunaldi berriak adituz. Herritarren arteko auzolana. Auzolanean bilduz, herria egiteko… Beraz, gonbidatuta zaudete guztiok bertara".

Paisaia ederrean, festa aparta

Egunari hasiera emateko, 09:30ean, txistularien kalejira izango da; eta 10:30ean, Atxorrotx mendira igoera ofiziala hasiko da Eskoriatzako eta Gatzagako plazetatik; 12:00etan, harrera eta bisita gidatua izango da; 12:30ean, ekitaldia nagusia; eta hori amaitzean, dantzariak izango dira; 13:15ean, Lore Kolore pailazoak ikuskizuna eskainiko du; eta 14:30etatik aurrera musikaren txanda izango da. The Potes talde arrasatearra igoko da lehenbizi oholtzara; 16:30ean, berriz, Zopilotes Txirriaus talde nafarrak eskainiko du kontzertua; eta, egunari amaiera emateko, DJ Zigor DZren (Esne Beltza) emanaldia izango da Inkernu taberna kanpoaldean, 20:00etan. Egubakoitzean, bestalde, gazteluaren festako kamisetak salduko dituzte plazan, 19:00etatik aurrera, eta zapatuan ere izango dira salgai, Atxorrotxen.

Indusketen azalpenak

Aurten, hamar urte bete dira Atxorrotxeko indusketa lanak hasi zituztela hainbat boluntariok, Iñaki Sagredo arkeologoaren gidaritzapean, eta horren bueltan bisita gidatua egingo da, 12:00etan hasita. Hori horrela, bertan egindakoen eta aurkitutakoen azalpenak emango dituzte. "Nafarroako Erresumak Gipuzkoan izan zuen gaztelu bat izan zen, zaharrena, eta erresumaren tenentzia bezala denbora gehien iraun zuena. Gipuzkoa osoa Atxorrotxeko tenentziaren agindupean egon zen gazteluaren lehenengo garaietan".

Egitaraua

• 09:30 Txistulariekin kalejira.

• 10:30 Igoera ofiziala Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako herrietako plazetatik.

• 12:00 Harrera eta bisita gidatua.

• 12:30 Ekitaldi nagusia.

• 12:45 Dantzariak.

• 13:15 Lore Kolore pailazoaren ikuskizuna.

• 14:30 The Potes taldearen kontzertua.

• 16:30 Zopilotes Txirriaus taldearen kontzertua.

• 20:00 DJ DZ (Esne Beltza) Inkernu kanpoan.

ATXORROTX GAZTELUKO FESTA, AUZOLANAREN ALGARA

Gabriel Arestik bere poesian harria eta herria batu zituen, ez dakigu gure Atxorrotx mendia ezagutzen zuen baina, ziur gaude, inspirazio iturri handia izan zitekeela poetarentzat. Herriko babesle naturala, gure arbasoen etxea defenditu duen gotorlekuak.

Nafarroako Erresumak Gipuzkoan izan zuen gaztelu bat izan zen, zaharrena, eta erresumaren tenentzia bezala denbora gehien iraun zuena. Gipuzkoa osoa Aitzorrotzeko tenentziaren agindupean egon zen gazteluaren lehenengo garaietan.

Gure historiaren lekukoa izan da Atxorrotx, inoiz ahaztu behar ez ditugun pasarteen lekuko. 1936ko irailean, orain dela 82 urte, frankista-faxistek armaz gure herria okupatu zuten. Irailaren 21ean Leintz Gatzaga okupatu eta gero Debagoiena zapaltzeari ekin zioten. Irailaren 22an Atxorrotx izan zen Eskoriatzan okupatu zuten lehen lekua.

Gotorlekua eta baita gure Bailarako atea dena ere, parez pare zabalik aurkitu zuen Iñaki Sagredok orain dela 10 urte indusketak hasi zituenean, Atxorrotx gaztelua agerrarazteko asmoz. Herriko ondareari balio handia erantsi diozu-diozue, zu eta zurekin lan egin duzuen guztiak. Bihotzez mila esker!!

Bihotzez, mila esker ere gure herrietatik, Leintz-Gatzaga eta Eskoriatzatik auzolanaren bidez lagundu duzuen guztiei. Zuei esker, Auzolana oraindik gure balore handia dela erakutsi duzuelako. Auzolanean bilduz, herria izaten.

Auzolana, gure herriak XXI. mendean zehar gidatu ahal dituen egitasmoa.

gitasmo horretan Atxorrotx elkarteko gizon eta emakumeak elkartu nahi ditugu, eta guztiekin jai-giroan konpartitu. Panaman edo Eskoriatzan bide honetan geratu diren lagunen irakaspenak gogoratuz. Baita gurekin oraindik ez daudenak, behingoz etxera ekarri behar ditugunak. Eta baita gure etorkizuna eraikiko duten belaunaldi berriak adituz. Herritarren arteko auzolana. Auzolanean bilduz, herria egiten! Gotorlekutik Askatasunera!! Irailaren 15an Atxorrotxen dugu hitzordua, gonbidatuak zaudete!

Juan Luis Zubizarreta Alegria (Eskoriatzako Atxorrotx Kultura elkartearen izenean)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak