Willis Drummond eta The Farra Marching Band taldeen ostean, musika pixka bat alde batera utzi, eta 1971n sortutako gizonezkoen ahots grabeen abesbatza izango da gaur Ibarraundi museoan entzungai, 22:30ean. Bergarako ohiturak eta kultura bultzatu eta kale-giroa kantuz alaitzeko helburuarekin sortutako taldeak, batez ere, euskal abestiak ekarriko ditu Eskoriatzara.
Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatutako Errekan Gora musika jaialdiaren barruan, hirugarren emanaldia izango da gaurkoa, eta abesbatza bat ekarriko duten lehenengo aldia da. "Ibarraundi museo barruan egin izan dugu emanaldiren bat Errekan Gora hasi zenetik hona, baina, hamaikagarren edizio honetan, beste guztietan moduan, herriko leku ezberdinetan antolatzen saiatzen gara, eta museo kanpoaldean egiten dugun lehen emanaldia izango da gaurkoa. Hala, Bergaratik etorriko diren abesbatza honentzat leku aproposa dela uste dugu…", adierazi du Iñaki Kortazarrek, Atxorrotx Kultura Elkarteko kideak.
Ahots apartak
Kanturako zaletasuna duten zenbait lagunek osatzen dute taldea, eta Urretxindorrak talde mitikoko kide izandakoak ere badira horien artean.
Ordubeteko saioa eskainiko dutela adierazi du Xabier Olabarriak, Alai taldeko zuzendariak, emanaldi polita eta askorik luzatu bakoa: "Kantu asko ditugu, baina hamasei edo hamazazpi inguru abestea da gure asmoa. Egitarau osoa prestatu dugu, baina bateren bat kendu egin beharko dugu, emanaldia askorik ez luzatzeko".
Hiru zatitan banatutako saioa
Emanaldia hasteko, Euskal Herriko kantu sorta bat eskainiko dute; ondoren, munduko hainbat kanta; eta, amaitzeko, Bergarako abestiak. Batzuk, gainera, gitarraren laguntzarekin. "Kanta bakoitzaren aurretik egilea nor den eta abestiaren gaineko azalpena eskainiko dugu. Besteak beste, Xabier Guridiren Boga Boga itsas kanta, Ontzi ahul batían herri kantua, Benito Lertxundiren Herribera, Alexander Lesbordes-en Ama kanta, Giuseppe de Marzi-ren Signore dellé cime, Elvis Presley-ren Falling in Love abestiaren euskarazko bertsioa –Zurekin izenekoa–, Arratsa Moskun abesti errusiar tradizionala, Pedro de Retanaren Ai hori Begi ederra, Bergarakoa eta herrikoia den Frantxulet, Urrentxindorrak taldearen Kanta maitasunari… eskainiko ditugu".