Herria apaintzeko, badago alternatiba

Imanol Beloki Unamuno 2018ko uzt. 13a, 10:20

Intxaurtxueta auzoan dagoen Aste Zapatistako murala.

Askotariko moduak daude herriak apaintzeko, eta muralek zeresan handia izaten dute. Batzuk gustukoak izaten dituzte herritarrek; beste batzuk, ez hainbeste; mezu interesgarriak helarazten dituztenak daude; beste batzuk artelan izugarriak dira, eta horren atzean dagoen lana handia izaten da. Ideia pentsatzea, bozetoa egitea eta margotzeko behar den denbora eta abilezia dira, bereziki, garrantzizkoenak.

Azken urteotan, hainbat mural egin dira herrian: Euskaldun Berrien plazan egindako txantxangorriaren murala, esaterako. Bertan, txantxangorria, txoriak eta esaldi bat margotu zituzten, Euskararen hegalpean batuko gara leloarekin. Intxaurtxueta auzoan dagoen Aste Zapatistaren gainekoa da beste bat, eta baita, orain dela gutxi, kultura etxeko paretan egin berri duten Euskaraldia egitasmoarena, eta euskarazko hitz politen gainean Santa Marinan egin berri dutena. Horietako batzuen egileak Sara Agiriano eta Maialen Gallastegi eskoriatzarrak dira: "Udalak eskatuta egin ditugu hainbat. Beste bat EskoZap elkartearentzat egin genuen, Intxaurtxuetan dagoena, baina eurek ere Udalaren baimena behar izan zuten. Prozesua honako hau da: lehenengo, ideia ondo pentsatu behar da, bozeto ezberdinak egin, eta, hauek oniritzia jasotzen badute, marrazten hasten gara. Euskararen txantxangorriarena egiteko hiru egun behar izan genituen, adibidez. Santa Marina plazakoa egiteko, berriz, bost egun behar izan ditugu. Aurrera begira, gustatuko litzaiguke askatasun osoz guk nahi dugun bat egitea, gure gustuen araberakoa izango dena…", adierazi du Sara Agirianok.

Ezkutatutako murala

Gipuzkoako Azpiegituren Agentziak zuhaitzen marrazkiak dituen horma-irudi digitalarekin estali zuen herri sarrerako horma-bularreko irudia. Murala Kepa Altubek, Maddi Urizarrek, Helena Azkarragaurizarrek eta Danel Goikoleak egin zuten, 15 orduan, Aste Zapatistaren harira; beste mundu bat posible dela adierazten du margolanak. Ostean, Intxaurtxuetan egin zuten beste margolan bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak