Ekaineko erromerietan murgilduta, Eskoriatzan ere egingo du geldialdia Garilak 26 taldeak

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko eka. 27a, 08:52

Maddi Elortza bergararra, Garilak 26 taldearekin trikitia jotzen, emanaldi baten (Argazkia: Aitzol Diez).

Garilak 26 da aurtengo Debagoieneko jaietako taldea, zalantzarik barik. Bergarako Pazkoetan izan ziren; Arrasateko sanjuanetan izango dira oraingo asteburuan; eta hurrengo astean, Elgetako Ferixa Nagusietan eta Eskoriatzako sanpedroetan

Uztailaren 1ean, Euskal Jai egunean, izango dira plaza ondoan. Jaietako azken eguna alaitzeko eta herri bazkarikoak zein bestelakoak dantzan jartzeko ardura izango dute bizkaitarrek -Sudupen dute entsegu lokala-. 2011n sortu zuten taldea eta plazarik plaza dihardute; batez ere, Bizkai aldean, baina, azkenaldian, lurraldetik kanpo ere bai: Parisen, Irlandan eta Munichen egonak dira. Urtean 40 bat emanaldi eskaintzen dituzte; batik bat, uda partean. Sasoi bete-betean daude, hortaz.

Maddi Elortza uberarra (22 urte) da taldera batutako azken kidea. 2017a ezkero dihardu. Bergarako jaietan izan zen Pazkoetan eta amaren herrian, Eskoriatzan, izango da sanpedroetan. "Plaza bereziak dira Bergarakoa eta Eskoriatzakoa; badaukat harreman espeziala amaren jaioterriarekin", dio. Taldeko soinu-jolea da. Bergaran, "hasieran nerbioso samar", baina oso gustura moldatu zen. Iaz Errege bezperan Altsasuko gaztetxean egin zuen debuta Garilak 26rekin.

"Ez da ohiko talde bat"

"Garilak 26 ez da ohiko talde bat. Erromeria taldea da, baina harantzago doa, rockari egiten dio keinua eta alboka ere izateak are eta bereziago egiten du". Gainera, oso talde "kementsua" dela dio, "zerbait ezberdina eskaintzen duena". Diskoa ere badute, 2016an argitaratua: Adrenalinaren zain.

Zuzenbidea ikasten dihardu Maddi Elortzak Leioan eta kurtso amaierako azken azterketetan bete-betean murgilduta dago une honetan, baina asteburuetako emanaldietarako gertu dago. Garilak 26 lehen dantzaldi-taldea da harentzat; lehenago, kalerik kale eta auzoetako jaietan aritu izan da soinua eskuan: "Oso ezberdina da eta hasieran zaila egin zitzaidan, lotsati samarra ere banaizelako; orain, gainera, ez zara zu bakarrik, besteen erritmora moldatu behar duzu, baina hartu diot puntua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak